Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Irakurtzen jakitea

 

 

izaten da edozein eskolak edozein ikasleri irakatsi behar dion trebeziarik behinena, testuak ulertzea alegia. Zoritzarrez ez du hori lortu STEE/EILASeko irakasle batek, zeinak nire azken blogeko artikulua irakurri ondoren, azalpenak ez ulertzeaz gain, irainduta sentitu baita.

Hau da, Franco hil osteko hezkuntza ministroa zen Pio Cabanillasek orduko “eskola nazionalari” izena aldatu zionean “eskola publikoa” deitzeko magia egin zuela diot eta berak ulertu omen du oraingo eskola publikoa frankista dela diodala. Ez ulertzea ere...

Beraz, Pio Cabanillasen hitz jokuen magiak funtzionatzen du oraindik, izan ere, izendapen horrekin, eskola nazional espainiarraren izaera ezkutatzea erdietsi zuen alde batetik eta egiteke zegoen eskola publikoaren prozesua amaitutzat eman zuen bestetik.

Euskal Herrian bi eskola nazional baititugu: frantziarra (école nationale) baita espainiarra ere (escuela pública) eta gure euskal eskola publikoa eginkizun daukagu oraingoz. Horixe da nik diodana, eta ez besterik.

Baina ikasleek idazten ere jakin behar dute, ez morfologikoki edo ortografikoki soilik, argudioen lotura eta semantika ere erabiltzen jakin beharra dago. Baina testu bat hasten denean “Ez dugu Hezkuntza Sistema Propiorik, burujabeak ez garelako” argi ikusten da, nik diodan moduan, “Eskola Publikoa ez dela Euskal Herrian behar dugun eskola publikoa”, edo, arestian esan moduan, Euskal Herrian bi eskola publiko ditugula: frantziarra (école nationale) baita espainiarra ere (escuela pública), baina inola ere euskal eskola publikoa, oraindik egiteko daukagulako, alegia.

Argudioren logika jarraituz, baldin eta “Hezkuntza Sistema Propiorik ez badugu , burujabeak ez garelako”, ados gaude, jakina, eta hezkuntza komunitate oso bat iraintzen dudanik ezin da ondorioztatu. Areago, horixe bera nik emandako hasierako erreferentzia historikotik (ongi ulertuta) eratortzen bada.

Zertara, orduan, nahasketa hori?. Baten batek nik idatzitako testua ez du ulertu edo, horren kontra gaizki idazten du?..edota ez du nahi nik zabaldu nahi dudan debatea behar bezala ulertuta eta hedatua izan dadin?.

Aipatu artikuluan emandako erreferentziak, bestalde, EAEkoak dira soilik. Baldin eta “Hezkuntza Sistema Propiorik ez badugu, burujabeak ez garelako” eta, gainera, horretan, ados bagaude, non daude Nafarroako edota Iparraldeko irakaskuntza erreferentziarik? Euskal Eskola Publikoa eraikitzeko bidean funtsezkoak izaten direnak, bada.

Hegoaldean indarrean dagoen Espainiako Konstituzioaren 27. artikulua, hezkuntza nazionalaren oinarria izanik, anabasa izugarria da publikoari eta pribatuari (Eliza Katolikoaren pribilegioak iraunarazteko) antzeko eskubideak aitortuz. Frantzian, ordea, ez da hori gertatzen 1905ko legetik hona zeinak laikotasunaren alde jo zuen argi eta garbi.

Frantziakoa nahiago, noski, baina, halere, hegoaldean behintzat, indarrean dagoena Espainiako Konstituzioaren 27. artikulua da eta, bistan da, ez bata ezta bestea ere ez dira Euskal Herrirako eraiki behar dugun eskola publikoaren eredu.

Hori gauzatu bitartean, aldiz, lurralde desberdinak ditugu, baita hezkuntza eredu desberdinak ere, abiaburu gisa. Eta haietariko inor ez da egun Euskal Herrian behar dugun eskola publikoa.

Hau berriro argitu ondoren begibistakoa da nire iritzia zein den eta, halaber, ez dudala horrekin inor mindu nahi, eztabaidatu baizik. Hogeita zortzi urte eman ditut Espainiako hezkuntza publikoan lanean, eta borrokan, eta nire inguruko irakasleek, ikasleek baita sindikalistek ere jakin badakite indarrean dagoen hezkuntza eredua hobetzen eta egokitzen saiatu naizela beti...neronek nahi nukeena ez izan arren.

Buscar