0 comentarios

Itzalberto Oiartzun

Itzalberto Oiartzun

Berriki zendutako Umberto Ecok kontatzen zuen New Yorkera egindako bidai batean taxilari pakistandarra egokitu zitzaiola eta hark Eco jaunari nongoa zela galdetu ziola. Zehaztasunetan sartuta, bere ustez Italian zein biztanle gutxi zeuden jakitean harritu zen baita bertan ingelesera ez zela erabiltzen ohartzerakoan. Hurrengo galdera hauxe izan zen: zeintzuk dira zuen etsaiak?

Orduan etorri zitzaion semiologo famatuari harritzeko tenorea ez baitzitzaion, hasieran behintzat, italiarren aurkako arerio historikorik bururatu. Hostatura helduta, ordea, eta Historia lagun, etsai ezberdinak otu zitzaizkion baina, noski, ordurako taxilari joanda zegoen eta ezin izan zuen bere jakinmina ase. Halere, pasadizo honetatik sortu omen zuen Umberto Ecok etsaiaren eraikuntzari buruzko diskurtsoa, gizarte zientzietan orain aski zabalduta dagoen ikuspegia, alegia.

Politikaren muina baita etsaia definitzea eta, haren arabera, gizartea trinkotzea. Izan ere, gizarte jakin batek, etsairik gabe, ezin baitu erruduna bilatu eta, gertatzen zaizkion kalteei taxuzko erantzunik eta erantzulerik aurkitu ezean, gizartea bera hasten da kaltetzen eta, azkenean, urtzen.

Aspaldiko etsaia galtzen ari da Espainiak. Orain horretarako ez ETAk ez eta euskal independentismoak ez baitute balio eta, ondorioz, betiko Espainia ari da zirintzen eta desegiten…berez.

Umberto Eco gurera ekarrita ez genuke Itzalberto Oiartzun idatzi beharrik zeren eta, hark zioskunez, hitzen esanahi garrantzitsuena ez baita hertsiki esaten dena adierazi nahi dena baizik.

Arnaldo Otegi espetxetik irten ondoren entzundakoaz eta idatzitakoaz Semiologiak badu zer esanik…eman dezagun denbora pixka bat gogoetarako. Honetan, behintzat, ez daukagu inongo taxilaririk zain eta.

 

 

 

/
últimos posts
últimos comentarios