0 comentarios

Jaiak, Ikurriñak, Presoen harrerak eta Adierazpen Askatasuna

 

Adierazpen Askatasunik gabe ez dago demokraziarik. Ideiak hautatzeko, aurretik ideia haiek eta haien sinboloak, azaldu behar dira gizartean berdintasun osoa bermatuta. Baieztapen hartatik datoz, esaterako, Katedra askatasunerako eskubidea eta, jakina, politikan parte hartzeko eskubidea bera, demokraziaren ardatzak, beraz.

 

1948an onartutako Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 19. artikuluak honako hau dio:

 

Pertsona orok du iritzi- eta adierazpen-askatasunerako eskubidea; eskubide horrek, inolako interferentziarik gabe, iritziak izateko eta informazioa eta ideiak bilatzeko, jasotzeko eta emateko eskubidea du, edozein bitarteko erabiliz eta edozein mugez gaindi.”

 

Hala izatekotan, zergatik ikurrinak jazarri, jaietan aldarrikapenak debekatu eta haien kondenak bete dituzten preso ohien ongi etorrien aurka agertu?:

 

- Jarrera autoritarioa bezain antidemokratikoa denon aurrean erakusteko, edo, beste moduz esanda, nork agintzen duen agerian uzteko. Boterearen pornografia zer den erakusteko, alegia.

 

Adierazpen askatasuna funtsezkoa da demokrazia batean. Adierazpen askatasunaren azalpenak, aldarrikapenak edota sentimenduen jakinarazpenak, aitorpen edota deklarazioak, ezin dira murriztu demokrazian ezta larrialdi-garaietan ere. Sistema demokratiko batek behar bezala funtziona dezan, hautesleak informatuta egon behar du. Behar bezain beste informaturik egoteko, ez da informazio- eta ideia-fluxuaren murrizketarik egon behar, noski. Demokrazia ez da bideragarria izango, boterean daudenek, hautesleak manipulatuz gero, informazioa atxiki eta kritikak erreprimitzen baldin baditu.

 

Horrezaz gain, Adierazpen-askatasunak dagoenarena eta aldaketaren arteko oreka lortzen laguntzen du.

 

Hala eta guztiz ere, inolako aldaketa politikorik onartu nahi ez duenak ez du ideiak edota sentimenduak adierazteko askatasunik onartuko eta “demagogiaz” hitz egingo du jarrera antidemokratikoa zuritu nahian.

Baina,Randalek dioenez; "Oposizioak funtsezko funtzio soziala betetzen du, narriadura burokratikoaren berezko prozesua konpentsatzeko edo hobetzeko"(2002.Propaganda and the Ethics of Persuasion ) eta, diogun moduan, adierazpen askatasunik gabe, sistema politiko osoa kaltetuta geratuko da.

Izan ere, Errepublikaren alde eta Erresuma Batuko monarkiaren aurkako borrokan Thomas Jeffersonek errepikatzen zuenez, “ Autoritatearen jabe bakarra herria da”. Hauxe da, agian, herri demokraziaren kontra errejimen monarkiko autoritarioari eusten dieten politikoek, burokratek eta kazetariek ulertzerik ez daukatena. Haien autoritatearen oinarriak zapalkuntza eta justizia eza besterik ez baitira. Arrazoi demokratikoaren ezeztapena.

Fito Rodriguez

 

/
últimos posts
últimos comentarios