0 comentarios

Joxemartin Apalategi “in memoriam”

 

 

Aurreko igandean 70 urte beteko zituen Joxemartin Apalategik duela dozena bat urte gure artetik joan izango ez balitz. Hori dela eta aurkeztu zen atzo bere jatorrizko Ataunen hil aurretik kaleratu gabe geratu zen ale bikotzako liburu mardula. Elkarrekin aritu ginen bere garaian UPV zena EHU bihurtu nahian eta, garai haietan gure ikasle izandako bat, egun UPV/EHUko errektorea dena (Nekane Balluerka), bertan egon zen Joxemartin gogoratuz.

 

 

UPV/EHUko hasierako urte haietan kontratua sinatu gabe aritu ginen eskolak ematen, Goyo Monreal errektore zela. Curriculuma ari zen euskaratzen eta horretarako hautatu gintuzten eta lanean jarri, nahiz eta, esan bezala, kontratuak guri ez egin. Hori zela eta, egindako biltzarretan afera argitzeko, eta konpontzeko, aukeratu ninduten eta Leioara joan behar izan nuen gauza handirik bideratzea lortzerik izan ez nuela administrazioa oso motela zelako (oraindik ere hala baita). Bitartean, Magisteritzan haur hezkuntzaren egitaraua prestatu nuen eta, azkenean, Irakasle eskola utzi nuenean nire tokian Luismari Elizalde sartu zen (jadanik gurekin ez dagoen beste adiskide bat). Nirekin batera, egoera bertsuan, Maisu eskolan aritu eta gero, Joxemartin Apalategi (urte batzuk geroago zenduko zena- joan zen Zorroagara) eta gure kontratua gauzatzen ez zenez, orduko Ategorrietako Magisteritza eskola zaharretik Zorroagako mendixkako Fakultate berrira aldatu ginen eta, hura harridura!, kontratu berria sinatzera joan nintzenean letra txikian “principios del movimiento” ere sinatzen nituela agertzen zen…orduko idazkari bakarra zenari (Isabel Garziari) nik ez nuela hori izenpetuko adierazi nion eta berak, ni bezain harriturik, galdetuko zuela esan zidan, oker bat izango zela seguru, baina, halere, horretaz ohartzen zen lehendabizikoa nintzela, arrapostu zidan. Nik, jakina, hori argitu arte itxarotea erabaki nuen eta, beraz, eredu “berritua” etorri zenean, burutu nuen nire lehen lan hitzarmena Zorroagan. Urtea 1982 zen eta administrazioan eredu frankistak oraindik indarrean zegoen...Franco hil eta 7 urtera, delakoa Trantsizio “eredugarrian” geundelarik.

Joxemartin egon zen nire Doktorego Tesiaren mahaikide eta, nire alde, erabili zuen On Joxemiel Barandiaranek ene ikerketaren alde idatzitako izkribua. Halaber, arestian esan moduan, UPV zena EHU bihurtu nahian, Joxemartinen hautua euskal unibertsitatearen aldekoa izan zen egungo UPV/EHUko eredu, ustez elebiduna baina erabat diglosikoa, baztertuz.

Horretan bat eginik ibili ginen eta horretan gaude oraindik ere bidean Joxemartin galdu arren. Gugan bego.

 

/
últimos posts
últimos comentarios