Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

K2

 

Nazioak behar duen kabia da estatua. Estaturik ezean nazioek ezin dute bizi eta irauteko ere, nahiko lan. Baina, halere, askotan estatu batean nazioak ez dira kabitzen: Espainia lekuko.

K2ra joan zen euskal espedizio batean parte hartzea egokitu zitzaidan duela urte batzuk. Han ikasi nuen, adibidez, gailurra eskuratzeko bide ezberdinak zeudela eta, hara kasualitatea!, ia denek handik ibilitako herritarren ezizena zeramatela. Adibidez, guk erabili behar genuena, arruntena, hego-mendebaldekoa, Abruzzo edo bide italiarra zen baina mendebaldeko ertzari bide japoniarra dei ohi zioten eta hegoaldekoari, berriz, ibilbide poloniarra.

Nazioek estatua erdiesteko bideak ere anitzak izaten dira. Kosovok, esaterako, negoziaziorik gabeko alde bakarrez, armak direla medio, eta haiek eragindako ekintzen bidez, lortu zuen nazioarteko onespena…Espainiarena izan ezik, jakina. Izan ere, maiatzak 17, Europar Batasuneko buruzagiak elkartuko dira Bulgarian Balkanei buruz hitz egiteko eta Kosovoko burua den Hashim Thaci egongo bada ere Rajoi, berarekin ez biltzearren, ez da joango. Jarrera horrek, bistan da, Rajoiren nazioarteko porrota agerrarazten duen bitartean Thaciren, eta Kosovoren, garaipen diplomatikoa erakusten du.  

Halaber, nire ustez, Quim Torra aukeratu ahal izanak, Rajoiren barne porrota dakar estatu espainiarrean nazio guztiak kabitzen direla diotenen artean. Kataluniak, Espainiar Erresumatik  irteteko bere bideari ekiten jarraituko du horrela, errepublika helburu.

2K dira. Bi adibide. Bide kosovarra edo katalana estatuaren tontorrera iristeko.

Ez dakit gure estatua erdiesteko euskal bidea asmatuko ote dugun baina, bitartean, irekitako bideei so, guk ere geure oinarrizko kanpoa, baliabideak eta abar prestatzen segitu behar dugu, gailurrera heltzea xede.

Buscar