Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

KK Planet

KK Planet

Zinema festibalaren erdian daude Venezian. Duela dozena-erdi bat urte hango alkateak , Massimo Cacciari, idazlea eta filosofo berau,  idazle eta artista kurduak, irlandarrak eta euskaldunak gonbidatu gintuen etengabe urperatzen ari den hirira (hura mundu garaikidearen metafora !) elkarren artean liburu bat bertan argitaratzeko. Horrela sortu zen “K Planet K” izeneko bilduma.

Orduan, irlandarren aldetik etorritako Danny Morrisonen berri banuen, izan ere, gose greba garaiko hauteskundetarako Bobby Sandsen bozeramailea izateaz gain, “Hiru argitaletxea”n bion artean liburu bat kaleratua genuen honezkero ( El IRA y la paz en Irlanda-1999) baina ustekabea idazle kurduek ekarri zidaten.

Ezustekoaren arrazoiak zerikusi zuzena zuen gure jardunarekin, idazkuntzarekin hain zuzen ere. Venezian bildutako idazleen artean ( Ahmet Dere, Sami Tan, Aysegul Dogan, Yado Uzun, Ilhanan Bakilhan…) batzuek gurea bezalako alfabetoa erabili arren beste batzuek, berriz, alifato arabiarraz edota zirlikoaz idatzi ohi zuten eta ondorioz, ezin zuten elkarren artean irakurri ere egin. Hura patu madarikatua idazle kurduena !, hizketan ulertzeko gauza badira ere, jatorriaren arabera idatzitakoa ezin entelegatu !.

Horrela, beraz, Siriatik zetorrenak, kurduera erabili arren, arabierazko idazketa zerabilen bere liburuak osatzeko ( nahiz eta orduan Sirian kurdueraren erabilpena aski mugatua izan). Antzera ibiltzen ziren Irak edo Iranetik zetorrena, baina, Armeniakoa edo Kaukasoko beste errepublikatik etorritakoek, jakina, armenierazko edo zirilizko letrak idazten ikasia zuten. Turkiatik bertaratutakoek, ordea, alfabeto latinoa zerabilten. Beraz, kurduen bizitza, oro-har, ez zela inondik inora erraza jakinda ere, idazle kurduen bizitza kulturalak parametro guztiak apurtzen zituela ohartu nintzen: kurdueraz idatzi arren aldez aurretik bazekiten kurdu gehienek beren literatura ez zutela irakurriko. Ahozkoa geratzen zitzaion, halere. Eta horri eusten zioten: irratigintza, haien arteko hitz-jarioak, ahozkaritza nahiz ahoskaritza…

Honezkero sei urte pasa dira eta Venezian zinema festibalaren erdian daude.  Eurapara datozen errefuxiatuen artean asko eta kurduak dira, hedabideetan siriarrak edo irakiarrak deitu arren. Haien artean Europara zerraldo iristen dena badago, egon, haurrak barne.

Baina hitza ezin izango zietela ebatsi uste nuen nik, nire motzean.

Astelehenean, aldiz, jakin nuen 21 urte zituen Sedat Akbaş sei lagunek labanaz hil zutela Istanbulen, telefonoz kurdueraz berbetan zebilelako.

Berri horren ondoren, zer idatzi?

KK Planet

 

www@fitorodriguez.eus.

 

 

Buscar