Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Kolorezko Gernika Zumaian

Dirudienez, Picassok bere "Guernica" marraztu zuenean hura koloreztatu nahi izan zuen baina enkargua egin zutenen ordezkariak (Espainiako Errepublika) ideia hori burutik kendu zion zuri-gris-beltzean nahi zutela adieraziz. Picassok men egin zion horri bere aurreko proposamen koloretsua alboratuz.

«Kontuan hartuta giza eskubideak ez ezagutzeak eta gutxiesteak ekintza basati gogorrak eragin dizkigula gizatasunaren kontzientziaren kontra, eta gizakiek adierazpen askatasuna jende arruntaren xede nagusitzat jo izan dutela...».

«Baita kontuan harturik ere ezinbestekoa dela gizakia tiraniaren eta zapalkuntzaren aurkako matxinadara jotzera ez dela behartu behar, giza eskubideak legearen bidez babestea funtsezkoa da».

Honako hausnarketarekin hasten da Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala.

Beraz, adierazpen-askatasunerako eskubidea funtsezko eskubidea da, kalitate demokratikoari lotua, izan ere, hautatu ahal izateko aurrebaldintza izaten da edozein euskarrian azaldu ahal izatea norberaren iritzia, ezin baita ezer aukeratu ikuspuntu ezberdinen arteko erkaketarik egin ezean. Artearen, literaturaren edo informazioaren askatasauna, bada, sistema politikoaren oinarria izaten da.

Literatura garatzeko Udalbiltzak emandako laguntza bat dela medio ezagutu nuen aurreko legealdian Zumaiako Udal Gobernuak bertako paretetan margotzeko ezarritako kontrol politiko zorrotzaren berri. Hura zela eta, hiru urteotako adierazpen askatasunaren aldeko borrokaren ondoren 98 mural egin zituzten adierazpen askatasunaren izendatutako txokoan eta, azkenean, aipatu Erribera kaleko horman Txiki Agirrek (Keixeta) prestatutako zeramikazko pieza bat ezarri zuten hori dena aldarrikatzeko baita urteotako borroka oroigarri ere. Ekitaldi hura antolatu zuen «Kalea Guztiona Da» izeneko elkarteko kideek ziotenez. «Ekimen hau ondo hartua izan dela eta adierazpen ezberdinak modu aske batean plazaratzeko bideak ireki dituela uste dugu».

Halaxe da. Egun, Erribera kaleko kantoian borroka hartan margotutako "Guernica" koloretua ikus daiteke eta honek beste hausnarketara naramatza.

Dirudienez, Picassok bere "Guernica" marraztu zuenean hura koloreztatu nahi izan zuen baina enkargua egin zutenen ordezkariak (Espainiako Errepublika) ideia hori burutik kendu zion zuri-gris-beltzean nahi zutela adieraziz. Picassok men egin zion horri bere aurreko proposamen koloretsua alboratuz.

Hil arte Euskal Herriaren alde lan egindako idazlea izan zen ordezkari hura. Jose Bergamin zuen izena.

Egun, Zumaiako Erribera kalean, adierazpen askatasuna aldarri, kolorezko Gernika ikus daiteke artez eta legez.

Buscar