Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Liburuaren egunaren atarian

Agian Hezkuntza Sistemari berak ematerik ez duena eskatu ohi diogu, eta porrota izan da emaitza. Ikuspegi honetatik, aldiz, irakurketaren bidez landu genezake eskolak ematerik ez duen hura.

Liburuaren ohiko euskarria gaindituz, hogeita bat mende honekin batera jakintza eskuratzeko zabaldu diren prozedura informatiko-elektronikoek baldintzatu dute, ezinbestean, irakurketa moduak. Badakigu, jakin ere, liburuak irakurle asko galdu dituela urte hauetan eta irakurle berriak bereganatzen, aldiz, ez dela asmatu. Oraingo honetan, funtsezko erronka bada, izan ere, irakurzaletasunaz behar bezalako hausnarketa egitea eta horren arabera, estrategia berriak bideratzen jakitea. Ikerketak eta datuak badaude baina, ohikoak izaten diren hurbilpen soziologiko-kuantitatiboez gain, irakurketaren ekintza behar bezala ulertzeko egun giza zientzien esparruan erabiltzen diren beste motatako hurbilpen kualitatiboen berri ematea beharrezkotzat jotzen dut aurrekoen osagarri gisa, besterik ez bada ere.

G. Flaubertek bere “Heziketa sentimentala” idaztearekin batera, literaturak eskolaz kanpoko hezkuntzaz aritu ahal izateko bidea eman zigun. Egun adimen “sentimentala” hezkuntzaren oinarritzat hartzen delarik (Golemanen ekarpena, kasu), literaturak emozioak hezteko duen gaitasuna ikertu beharra dago gizarteak haren erabilera zuzena egin dezan. Halaber, irakurketak suposatzen duen etengabeko hezkuntzari ekiteko literaturak ematen digu bidea. Honekin batera, esan gabe doa, fikzioko adimen ereduak (“balitz eta balego”aren egoerak aurkeztearena) balizko gertaeren aurrean jartzen gaituenez, bizitzaren eskola ere badela esan daiteke. Agian Hezkuntza Sistemari berak ematerik ez duena eskatu ohi diogu, eta porrota izan da emaitza. Ikuspegi honetatik, aldiz, irakurketaren bidez landu genezake eskolak ematerik ez duen hura.

Honek guztiak arlo honetan ikerketa berezituari kasu egitera behartzeaz gain, haren ondorioak komunikatzeko eta hedatzeko ere eskatzen digu. Ikerketa funtsezkoa zaigu zeren eta irakurketa, berez, ezaguera ekintza baita eta, gure burua eta mundua ezagutzeko (irakurtzeko) bidean literaturak eman dezakeena jakin beharra dago kudeatzen.

Egungo ezagueraren gizartean, non ikerketa eta garapena batera doazen, beste bitarteko bat azpimarratu nahi dut nik: aipatutakoaren gizarteratzea. Honen arabera, arloko azterketa eguneratuari antzemateaz aparte, honek irekiko dizkigun bideak ezagutarazteko eta zabaltzeko dagoeneko egiten ari diren praktikak (onak zein txarrak) eta haien azterketa hedatu ahal izateko.
Beraz, Irakurzaletasuna  euskarrien birmoldaketa garaikidearen aurrean “IRAKURKETA  XXI. MENDEAN” KONGRESUA egin beharrekoan gaudela uste dut. Irakurtzen dakienak, bada, behar bezala irakur beza…

Buscar