Nire esperientziatik behintzat, literatura bidaiatzeko modu bat da, eta bidaiak, nolabait, literarioa izan behar du norberarentzat baliagarri izan ahal izateko.
Berlingo harresitik erori aurretik Pragara joan nintzenean, Kafkaren obra osoa biltzen zuen liburukia eraman nuen nirekin. Erromara bisitan joan nintzelarik, ezin izan nuen Goetheren "Italiarako Bidaia" liburukotea alde batera utzi, eta Suitzan bizi izan nintzela, adibidez, Genevako kaleak korritzen nituen Borgesen "El libro de la arena" edizio elebiduna irakurriz.
Finlandiara egindako bidaia izan zen "Faustoren itzala" ene saiakelaren jatorria. Testu honek bi argitalpen dauzka euskaraz (2004/2022), beste bik gaztelaniaz (2005/ 2008) eta beste bat alemanez (2016).
"Kasandra leihoan" liburua Islamabadera egin nuen bidaian sortu zen, Joseba Jaka literatur bekari esker (2006).
Palestinara egindako bisitak "Jerusalem, Xalimen hiria" izeneko liburua ekarri zuen, hiru argitaletxek euskaraz (2008/2024) eta beste bik gaztelaniaz kaleratu zutena (2010/2024).
Norvegiara joan ondoren idatzi nuen "Mort aux roix" narrazioa, euskaraz (2005/2019), gazteleraz (2014/2019) eta katalanez argitaratua (2005/2019) izan zena.
Araban zehar burututako txangoak hango Aldundiak saritutako "Izendegi hutsa" (2018) liburuan gauzatu ziren.
Vietnamdik itzultzean kaleratu nuen 2021ean "Kuoi" izeneko ipuina.
Pirinioetako ibilaldiak "Auña" (2022) liburuaren oinarria izan ziren. DDT argitaletxeak nire "Polloekoak" nobela beltza argitaratu zuen 2023an non Donostiako kanposantutik abiatuta, lagun bazuen txangoak kontatzen diren.
Hilabete honetan bertan kaleratu berri du Komiki films ekoiztetxeak nire "Turismo hutsala" izeneko liburua non Zeelanda Berrian zehar, Aotearoan hango hizkuntzan, egindako bidaia kontatzen baitut turismo garaikideaz hausnartu ahal izateko.
Orain arte aipatu ditudan izenburu guztiak testuak dira, baina baita argitaratutako liburuak ere. Gustave Flaubert zenak esaten zuen liburu batean testua zela garrantzitsuena, eta nobela batean inportantena ez zela istorioa, hizkuntzaren testu-erabilera baizik. Halere, hark lortu zuen lehen literatura saria liburu-bildumagile bati buruzko istorio batekin izan zen. Bildumagile horrek ez zituen irakurtzen bilatzen zituen liburuak baina hiltzeko prest zegoen nahi zituen liburu haiek eskuratzeko.
Liburuak bakarrik interesatzen zitzaizkion objektu fisiko gisa, ez eduki literarioagatik.
Bere garaian testu hori ("Bibliomania", Denonartean, 2021) itzultzeko aukera izan nuen, eta Flauberten ipuinak aipatzen dituen madarikazioetatik salbuetsita ez egon arren, liburuxka polita plazaratu genuen azkenean.
Ildo honetan, nere azken liburua, "Turismo hutsala", ez da soilik testu bat, eta objektu bezala, bidaia baten itzala ere bada, literaturak modu berezian sentitzera gonbidatzen gaituen txangoei antzemateko idatzia eta plazaratua.
Bizitza bidaia baita eta liburuak horretarako bidaide bikainak direlako.
