Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Literaturaren garrantzia herrien iraupenean

Whittakerrek jakinarazi du aztekek erabiltzen zituzten hieroglifikoek ez zutela balio hitz eta silaba-kopuru mugatu bat transmititzeko soilik, horietako bakoitzaren soinuak ere zehatz-mehatz deskribatzen zituztela baizik.

Bere azken liburuaren karira ("Euskal sena") gure etxeko Latxaga antropologoari galdetu ziotenean zein ote zen euskararen funtsezko hitza eta aditz batekin erantzun zuen: iraun.

Spinoza filosofoak irautea norberaren baitan tematzea, izaera hartan segi ahal izatea izango zela hausnartu zuen.

Konkista kolonialak gertatzen direnean, ordea, herri kolonizatuek ez dute irauterik izaeraren azalpena den berezko kultura desagertzen baita eta, harekin batera, herri kontzientzia.

Herri izaera, kontzientzia eta kultura iraunaraztea, berriz, tokian tokiko hizkuntzek eta haien literaturak bermatzen dute.

Idazten ari naizen guzti hau ez da batere berria, berriak dira, bada, oraindik orain Espainiaren kolonizazioak Ameriketan desagerrarazitako hango idazketa nagusiaren berraurkikuntza. Hona hemen.

Akademiak hainbat hamarkadatan ia ahaztuta zeukan idazketa konplexu bat, orain argitara eman da aurkikuntza antropologiko berriei esker. "The Independent"-ek, gaur, artikulu luze bat eskainiko dio azteken zibilizazioaren merezimendu intelektualak berraurkitzeari, espainiarrek suntsitu eta bostehun urtera.

Britainia Handiko Gordon Whittaker hizkuntza-antropologoaren aurkikuntza berrien ondorioz eman da notizia. Lehen aldiz azaldu dute azteken idazketa-sistema «gizateriak inoiz sortu dituen sistema sofistikatuenetako» bat izan zela.

Hain zuzen, Whittakerrek jakinarazi du aztekek erabiltzen zituzten hieroglifikoek ez zutela balio hitz eta silaba-kopuru mugatu bat transmititzeko soilik, horietako bakoitzaren soinuak ere zehatz-mehatz deskribatzen zituztela baizik. «Malgutasun horrek milaka dozena hitz fonetikoki adierazteko aukera ematen zuen, askotan multisilabak idatziz».

Hala, Whittakerrek uste du, azken hamarkadetan azteken idazkera akademiko ahanztura ia erabatekoa izan arren, ziurrenik idazketa-sistema aurreratuena zela, «Ameriketan garatuena», hain zuzen.

1521ean, Amerikako konkistan parte hartu zuten militar espainiarrek Tenochtitlan hiriburuko eta Tetzcoko eta Tlacopango azteken hiri aliatuetako liburutegiak suntsitu zituzten. Gordailuan utzitako gai guztien milaka liburuetatik, lan batek edo bik besterik ez dute iraun.

Suntsitze-prozesu horren ondorioz, akademiaren zati handi batek pentsatu zuen ez zegoela tradizio literario konplexurik azteka hizkuntzan (nàhuatl). «Batez ere, eskala handian suntsitu direnez, ezabatu egin dira munduko memoriatik», azaldu du Whittakerrek "The Independent"-i egindako adierazpenetan. Datorren astean jarriko dira jendaurrean bere ikerketa eta ekar ditzakeen ondorioak.

Espainiar konkista deuseztatu zuen idazketa zibilizazio oso bat desagertzearen arrazoia izan zen.

Buscar