Palestinarako bake-proposamenak, nazioarteko komunitatearen babes hipokritapean gaur egun mahai gainean dagoen horrek, ez du batere adostasun baketsutik, eta, aldiz, baldintzarik gabeko errendiziorako inposizioa besterik ez da. Donald Trump eta Benjamin Netanyahu hiltzaile mafiosoak dira, eta, inolako bermerik eman gabe, euren aurkari politikoek (Hamasek) egin behar dutena zerrendatu egin dute botere gehiegikeriaz erabiliz baina, tartean, beraiek konprometitzen duen ezer azaldu gabe. Honetan ere ondo islatzen da AEBko ohiko matonismo politikoa, eta, erakusteko ahalegin horretan, ene aburuz, historiak baino, literaturak gaitasun handiagoa dauka.
Drakula banpiroa (Bram Stoker, 1897) gizarte-beldurraren isla da: atzerritarraren, gainbeheraren, sexualitate erreprimituaren eta izurritei izua. Literaturak soziologia edo medikuntza gainditzen du hori dena erakusteko ahaleginean, eta, aldi berean, hori guztia erakusten du, gaixotasun kutsakorrei edo migrazioari buruzko monografia batek ez lukeelako Drakularen indar emozionala izango, bere garaiko beldurrak irudi karismatikoan kondentsatzen baitu.
Jekyll eta Mr. Hyde (R. L. Stevenson, 1886) Hyde agertzen da, Jekyll doktore errespetatuaren «beste» aurpegia. Horrekin batera, gizarte viktoriarraren hipokresia morala, ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka gizabanako berberean agertzen dira. Literatura, psikologia baino, nortasunaren bikoizketa deskribatzeko gai da, errepresio sozialak munstrotasuna nola elikatzen duen erakusten duen kontakizun larrian gorpuzten baitu lana. Cthulhuren mitoetan (H. P. Lovecraft) gizakiaren hutsaltasuna agertzen da indar ulertezinen aurrean, antsietatea modernitatearen eta ezezagunaren aurrean. Baina filosofiak edo zientziak baino gehiago, Lovecraftek erraietako ikara sortzen du, ezin ahantz daitekeena.
Stephen Kingek 1986an Pennywise pailazoa sortu zuen, haurren beldurrak hezurmamitzen dituena: indarkeria, trauma, abusua, komunitateetan bizi den gaitza.
Jakina, psikologia gainditzen du Kingek bere pertsonaia beldurrez elikatzen den munstro bihurtzen duelako.
Egia esateko, zientziak edo kazetaritza praktikak datuekin azaltzen dute bizitza, historiak gertakariekin, soziologiak egiturekin eta psikologiak portaera-teoriekin. Literaturak, aldiz, sinboloak eta narratibak sortzen ditu, zuzenean emoziora eta irudimenera iristen direnak, gizakiak beldur horiek berehala ulertzea eta bizitzea lortuz.
Diskurtso zientifikoek edo periodistikoek zehaztasuna eta objektibotasuna bilatzen dute. Literaturak anbiguotasuna ahalbidetzen du, eta, irekitasun horren ondorioz, munstroek gizarte-arazo ugari izan ditzakete aldi berean: bortxa, pobrezia, indarkeria, bazterketa, marjinalitatea, diskriminazioa.
Munstro literario batek ez du azalpen bakar bat ere behar: modu politikoan, sexualean, erlijiosoan edo psikologikoan irakur daiteke, irakurlearen arabera. Psikologiak edo soziologiak «desbideratzea» patologia edo arazo gisa aztertu ohi du hori dena. Literaturak, aldiz, munstroari ahotsa, desioak eta subjektibotasuna eman diezaioke, hausnarketa kritikoa sortuz.
Horrela, munstro literarioek metafora kultural gisa funtzionatzen dute. Askotan, zientziak eta historiak erregistratzen ez dituzten beldurrak agertarazten dituzte, subjektiboak, lausoak, inkontzienteak edo lotsagarriak direlako.
Teoria soziologiko bat zuzena izan daiteke, baina ez du emozionalki lotzen. Literatura-kontakizun batek eszena bakar batean kondentsatu dezake teoria-orriek ia ukitzen ez dutena. Horregatik, literatura eraginkorragoa da «munstro sozialen» kontzientzia transmititzeko, zabaltzeko eta sortzeko.
Literaturatik ere gure garaiko munstrotasuna islatu behar dugu, inguratzen gaituen hipokresia eta matonismo politikoak sortzen duen beldurretik eta konplizitatetik bizi diren munstro erreal horien izenak idazteko: Donald Trump eta Benjamin Netanyahu hiltzaile mafiosoak.
