Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Mendebaldea eta Ekialdea

Fisikak dio indarra dagoen tokian kontraindarra ere egon badagoela eta, oinarrizko hastapen honen arabera, Mendebaldeko pentsamendu bakarraren aurrean hamaika kontra-gogoeta, arte eta literaturarik dagoenik ezin uka.

Mendebaldeak Ekialdearen izana sortu zuela zioen Edward Said intelektual palestinarrak, Joseph Rudyard Kiplingen Indiako ipuinek edota Pierre Lotiren eleberriek deskribatutako Ekialdeko xarmak mendebaldarren begirada besterik ez zirela erakutsi zigun eta, haiekin batera, Mendebaldeko pentsaera menperatzailea ere nola zen ere azaldu zigun. Australiako politika, esaterako, Britainia Handikoa bezain meneratzailea dela geografiaren kokapenaz eta kolonizazioaren historiaz harago, duela gutxi, Isabel II.en heriotzaren karira, begi bistan geratu dena, bestalde. Mowgli eta Ramuntcho, beraz, Mendebaldeak sortutako izaerak direla argi dago.

Horrela bada, berez, Mendebaldeko pentsaera besterik ez dagoela esan beharko genuke?

Mundu osoa antolatzen duen boterearen gogamena egongo litzateke bakarrik?

Ez, noski, Fisikak dio indarra dagoen tokian kontraindarra ere egon badagoela eta, oinarrizko hastapen honen arabera, Mendebaldeko pentsamendu bakarraren aurrean hamaika kontra-gogoeta, arte eta literaturarik dagoenik ezin uka. Hegemoniarekiko buruz buruko gatazka da hori, dialektikoa, pentsaera eta adierazpen askearen borroka.

Horrela, alde batetik, kultura inposatzailea dugu nagusi zeinak, izadia eta gizartea kontrajartzen dituen eta gizarte ordezkapenetan egituratzen den, bere burua unibertsaltzat jotzen duena ezagutzaren arabera antolaturik. Grezian Platon eta Aristotelesen itzalean garatua despotismo ilustratua eta modernitatera iritsi arte, kultura eguneroko bizitzan luxu gisa hartzen duena, espazialki giltzapetua (eskola, museo arte galeri edota Iiburutegien bidez...), gizabanakoari begira egina, kontsumora bideratua non dena merkantzia  bihurtzen den agerian ez dauden kontrolak direla medio. Pasibitatearen zalea, bada, gero eta gehiago iruditan adierazia, guztiz hierarkizatua eta mailakatua, baita geografikoki ere eta, haren hegemonia dela bide, derrigorrezko bakarra bihurtutik.

Haren aurka, ordea, behe-kultura deritzana izaten da, zeinean kultura inguruarekiko harremanetan garatzen den eta norbanakoen parte-hartzea ezinbesteko bihurtzen den.  Kultura kokatua, ezarria, Herri-Jakintza aintzakotzat hartzen duena. Abanguardista eta, era berean, errotua. Gizartea helburu duena eta lana-olgetaren orekakatzailea. Aisia, ez denbora librea, lantzen duena, baita modu kolektiboan diseinatua eta bideratua dena. Jarrera eraginkorrak behar dituena (kritikoak) non bizierak kulturaren motorra eredu gisa hartzen den. Geografikoki hedatua dena, herri zein auzoetan hiriburuetan baino gehiago kokaturik eta komunitaten emaitza dena.

Horrenbestez, kultura, literatura edota pentsamendua, borroka eremuak ere badirela aldarrikatzen segitu beharra dago.

Buscar