Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Mundu garaikidea espainiar filosofiaren aurka

 

“Bizitzak balio du gauza baldin bazara ezeri uko ez egiteko”, zioen Jose Ortega y Gassetek. Horrek ez du esan nahi dena onartzeko prest egon beharra dagoela, jakina.

Beren bizitza onartu nahi ez dutenak asko dira munduan. Egun hauetan, gainera, notizia ere bihurtu dira haien patua onartu ez eta sorterritik uholdeka ihes egiten dutelako. Horrela, milaka kilometro egin, direnak eta ez direnak sufritu, ezagutzen diren bide arriskutsuetatik pasatuz, itsasoak zeharkatu eta, bizia bera galzorian jarrita ere, etxea uztera behartuta daudenek badakite, jakin, zer den abegikortasuna eta sosegua aurkitzea. Horren bila abiatu ziren eta, bidea lanjerra izan arren, hori dute maite.

Arazoa da, ordea, Europara hamaika direla bizitzeko toki eroso horren anparora iritsi nahi direnak. Hori dela eta, europar Batzordeak iheslari eta errefuxiatuak kide diren Estatuen artean banatzea deliberatu duela eta, ondorioz, bakoitzari kopuru zehatza egotzi dio.

Afera, hauxe: Europara ihes datozen milakotatik Espainiar estatuari zegozkion lehen  hemeretzi errefuxiatuetatik zazpik Espainiara etortzeari uko egin diotela eta, etorritako batzuak, aldiz, ospa egin dutela heldu ondoren.

Beraz, mentura eta peril guztiek  eskarmenturik, beren herrietatik  hanka egin dutenek ere ez dute Espainiara etorri nahi. Helmugara heldu dira, Europara, baimen europarra badaukate baina, haiek ez dute Espainia maite…

Arrazoiak asko dira, noski. Kanpotarrak hartzeko espainiar sistemak ez du asko balio (aspaldiko aurrekontu berberaz askoz jende gehiago hartu behar izan da eta laguntzak gero eta eskasagoak izaten dira, ohikoa da laguntza murritz haiek sei hilabete eskuratzen pasa ondoren erabiltzaileak kale gorrian uztea, beraientzat ez dago ohiko langabetuentzako bidea jorratzerik, babes sareak kaskar bezain urriak dira etab…) baina, halere, harrigarriena huraxe da:

 Mundu osoko arriskuen berri dakiten haiek ere ez dute Espainia maite bizitzeko!

Ez dira katalanak, ez eta euskaldunak ere. Kurduak ohi dira, edo Eritreatik alde egindakoak, edo siriarrak, edota palestinarrak… baina Espainian egoteari uko egiten diote.

Ziur nago ez dutela Ortega y Gasset irakurri ere egin!.

www.fitorodriguez.eus

 

 

Buscar