Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Nizako irudiak dela eta

 

Nizan gertatutako sarraskia k eragindako izua, hala hedabideetan nola sare sozialetan ere, ikusitako irudiek biderkatu egiten dute. Eta irudiak irudi dira, hau da, baieztapen hutsa. Irudietan, berez, ez dago diskurtsorik ez eta arrazonamendurik ere beraiek sortarazten dituzten zirrarez aparte.

Emozioa da hedabideek erakutsi (edo ezkutatu) egiten dutena. Jakina da aurreko astean soilik Bagdad inguruan suertatu den hildakoen kopurua atzo Nizan gertatutakoa bider hiru izan zela baina ez dugu begi bistan eduki, ordea. Jakiten dugun hori ez da sentimendu eraginkor bilatzen, bada.

Horregatik gizarte zibilaren aurka Parisen izandako atentatuek askoz gertuagoak dirudite Siriakoak baino, ez kilometrotan distantzia motzagoa delako, Sirian gertatu ohi  dena ez bezala ikusi egiten ditugulako baizik. Eta honek guztiak eduki badu bere erruduna: mendebaldean jaun eta jabe den hedabideen sistema, alegia.

Hala eta guztiz ere, Nizako gertakizunari berriro itzuliz, egun ikusten ari diren irudi gordinenak ez ohi dituzte hedabide nagusiek zabaltzen sare sozialek baizik eta, haietan behintzat, ezin esan guztiz agindupean dihardutenik, beren kasuistika hedatsu bezain lausoa baita eta denetatik aurki baitaiteke.

Garai hipermoderno  hauetan, beraz, juzguak sortzeko  hitzak eta arrazonamenduak bezain garrantzitsuak emozioak izaten direnean, irudien irakurketa ezinbesteko bihurtu zaigu mundua ulertu ahal izateko. Horretaz jabetu ziren surrealistak aurreko mendearen hasieran eta Magritte margolariak, adibidez, bere irudi surrealistekin errealitateak ezkutatzen duena agerian uzten saiatu zen. Irudikapenaren mekanismoak aztertu zituen teorian eta praktikan baita horri buruz asko idatzi ere. Bere lanekin hautemate prozesu berriak sortarazi nahi zituen ohikoa den pertzepzioa salatzeko eta, halaber, horri buruzko behatzailearen sentsibilizazioa areagotuz  hura aldatze bidea bilatuz. Irudien ironia subertsiboaren bidez pentsamendu kontraesankorrak eragin nahi izan zituen norberaren gogamen askea ekoitzi nahian.

Egun, esaterako, Frédéric Pajak dugu hala irudien nola hitzen bidezko saiakeragintza berriaren sortzailetariko bat. Izan ere, saiatu behar baikara, hizkuntza dekodifikatzen ikasi dugun moduan, irudiak ere interpretatzen era kritiko batez, bestela, berdin hedabideak edota sare sozialak direla,bizi behar dugun munduari buruzko gure iritziak fundatuak baino gehiago kanpotik zuzenduak  izaten segitu dira eta, alderatzeko gaitasunarekin batera, kritikoak izateko ahalmena ere galdutzat eman beharko dugu. 

Buscar