0 comentarios

Politikari kiratsa dario

Artaudek arrazoia zuen: politikari kiratsa dario. Eta literatura politikoari…?

Baldin eta artea artistek egiten dutena bada, politikoek idazten dutena al da literatura politikotzat har daitekeen bakarra?

Ez dira gutxi gurean, ezta gainerako hizkuntzetan ere, idazle izan diren politikariak. Arnaut Oihenart, Garat anaiak, Sabino Arana, Arturo Kanpion, Lauaxeta, Monzon, Leizaola, Krutwig, Txillardegi, Joseba Arregi, Amatiño eta abarrekoek idatzitakoak osatzen al du gure artean literatura politikoa biltzen duen izkribuen multzorik oinarrizkoena? edota, aitzitik, Krutwigen eta Dominique Garaten politikari buruzko usteak alderaezinak dira ? areago, literatura politikoarengana iristeko antzerako bideak erabili zituztela esaterik badago?

Artaudek arrazoia zuen,  izateak berak berarekin batera darama kaka usaina.

Politika izaerari itsatsita baitago, ezinbestean, eta, beraz, bizi izaerari buruz aritzeak, bizitzaz gogoeta egiteak, politikaren eremura garamatza derrigorrez.

Bizi beharra, iraun nahia, badugu, eduki, sorkuntzaren abiapuntua, baita literaturan ere.

Ezereza eta amaigabearen arteko nahiezinezko bikoiztasunak bultza egiten duen izkribua dugu literatura politikoaren hastapen nagusia. Peter Sloterrdijkek horrela adierazi zigun bere “Reglen für den Menschenpark” ( Giza eremurako araudiak ). Politikoa betiko definitzea ezinezkoa izan arren horretaz idaztea, ordea, baliagarri izango zaigu. Heideggerrek uste zuenaren aurka, bizitzari norabidea eman ahal izateko behin betiko erabakia ez baita aski izango.

Postmoderniaz geroztik izaera iraunkor bezain bakarren usteari nekez eutsi zaionez, bizitza desberdinak asmatzen jakin beharra dago. Bizi egitasmoak sortzea baita, nolabait adierazia, Benjaminek, Adornok edota Sartrek, “dialektika urtu ondoren” utzi ziguten mezua: bizitza atsituaren goragaleari sendabidea eman behar zaiola.

Eta zein da osagarri hura? Izuak nahiz ezintasunak uxatuko dituen jarduna: literatur politikoa. Munduan dauden gezur oro salatzeko balekoa izateaz gain ezinegona ikuskizun bihurtuko duen idazkerari aurre egiteko berreskuratu beharra dagoen bizitzari buruzko izkribua.

Literatur Nobel Sariaren ekitaldirako Harold Pinterek aurkezturiko testuan  “errealitate eta fikzioaren artean ez dagoela diferentzia handirik ” zioen, baina, herritar bezala, “egia non dagoen eta gezurra zer den ” bereizten jakin beharra dagoela zioskun.

Horra hor, bada, literatur politikoaren esparrua, idazlea koroa daraman anarkista izanda ere… Hona hemen, beraz, literatur erresuman, horri buruz aritu ahal izateko bildu ditugun iritzi nahiz egileak.

 

Fito Rodriguez

/
últimos posts
últimos comentarios