0 comentarios

Porrontxo jaiak Bruselan

 

“Magritte eta Arte garaikidea”izena du Arte Ederretako Belgikako Errege Museoek Lessinesen jaiotako margolari-poetaren 120. urteurrena gogorarazteko (1898ko azaroaren 21ean jaio eta 1967ko abuztuaren 15ean hil baitzen) Bruselan eratu duten atzerabegirako erakusketa batek (2017/10/33tik 2018/02/18). Magritten omenaldi urtea (2017) amaitu zen, erakustegi hau bukatzear dago.

Ez dugu San Sebastian ezta inongo santurik ere aitzakiatzat hartuko jai herrikoiak antolatzeko, deliberatu zuten duela zenbat urte egiatarrek beren festak definitzeko garaian. Festak denontzat behar direlako izan eta, bide batez, trufak eta umoreak mundua eraldatzeko tresna erabakigarriak direlako.

Erakusketa kronologikoki dago eratuta, ia biografikoki. Egia da ez dela behetik gora garatzen ezta eskuinetik ezkerrera sartzen. Aitzitik, sarrera goian dago eta ohikoaren aurkako sarbidea erabili dela baina alde handia dago 1938an Parisen surrealistek antolatuko zutenarekin…hartan, irekiera ordu faltsua eman zuten jendea nahasteko, sarbidea (zorroz egindako umetoki erraldoia zena) erakusketa bera zen eta, oro har, helburua animoak asaldatzea zuen erakustegia izan zen. Honetan, ordea, dena da didaktikoa eta akademikoa. Aldarte eskasekoa, alegia.

Michel Foucaultek bere“Hau ez da pipa bat (Magritteri buruzko saiakera)”izeneko liburuxka argitaratu zuenean (Fata Morgane 1973) Magritten umore subersiboa hartu zuen hizpide baina, bere hitzetan, “irudien eta hitzen arteko aurkakotasunaz Kleek astindako iraultzak ez dio Magritteri eragiten”. Magritten margoak ez direlako abstraktuak, eta hori berak hartutako kontraesan baita metafora umoretsuak hautatako bide artistikoa jorratzeko nahitaezkoak baitira.

“Figuratiboa ez den artea irakasten ez den eskola edota elikatzen ez duen sukaldaritza besterik ez da”, zioen aipu batean. Agian, Erakusketan aukeratutako aipuak izango dira, irudiez gain akaso, bilduma honek daukan balio nabarmenetarikoa zeren, jakina denez, Magrittek, asko margotzeaz gain, asko idatzi zuen, eta margolaria izanda ere, poeta ere bazen.

Hitzak eta gauzak

Goian aipatu Foucaulten izkribua aldez aurretik hark idatzitako “Hitzak eta Gauzak”( Les mots et les choses. Galimard. 1966) saiakeraren jarraipen txikia besterik ez da. Bertan filosofo frantsesak Berpizkundearen aurreko eta ostekoaren jakintza ezberdintzen saiatu zen eta, haren arabera, hasieran gizakiak mundua ulertu arren, Jaungoikoak idatzitako liburuaren bidez egiten zuen, non hitzak eta gauzen artean harreman zuzena bazegoen, egon.

Berpizkundearen ondoren, aldiz, harreman zuzen hura puskatu zen kulturan krisialdia sortuz, zeinean, ordutik hona, elkarrekikotasunik ez dugun gehiago aurkituko ez hitzen artean ez eta gauzen artean ere, eta aurretik erabilitako kidetasunaren partez, bada, antzekotasuna agertu zen.

Nola da posible Brusela bezalako hiriburu burgesean, kolonialismo gorriaren sasoian, horrelako talde ezkertiar eta iraultzailea sortzea?. Haatik. Burgesiaren mendebaldarraren mundu ikuskeraz gogaiturik zeudelako hain zuzen ere.

Surrealismoa inkontziente sakonean aritu zen bestelako errealitate baten bila. Ametsen iruditeria erabili zuen balizko beste errealitate batzuk badaudela frogatzeko eta, halaber, eguneroko bizitza arruntaren edozein eraldaketa burutzeko artearen beharra zegoela aldarrikatzeko. Arte bizia, alegia, literatura, marrazkia, kolorea eta mugimendua uztartuz, bizitzarekin bat garatu zena. Artista pertsonaia bihurtu beharrean, talde izaerak bereganatu zuen garrantzi osoa, eta haren kideak hausnarketa kolektiboen bidez egindakoaren balioa era kritikoan aztertu ohi zuten.

Baina, aukera guztiak eskuratzeko, Askatasuna letra larriz idatzi behar izan zuten, eta hura aldarri bihurtu.

Idazteko eta arte baliabideak lantzeko. Artea eta literatura askapen bidean ezinbestekotzat hartuz eta erreboltarien espiritua goraipatuz. Hortik datozkie errotiko sorkuntzaren defentsa, bat-batekotasunaren aldeko oihua eta automatismoaren iragarpena, gizakiari arrazionaltasuna gainditzen lagunduko dizkiotenak, Magritten ekarpenei antzematen zaizkien ezaugarriak, alegia.

 

 

 

 

 

 

 

/
últimos posts
últimos comentarios