Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Prezioa eta balioa

GARAk ekainaren 19an, osteguna, honakoa adierazi zigun: «Axpeko Etxebarri erretegia munduko bigarren jatetxe onena izendatu dute». Bitartean, hedabide arrunt eta espezializatuek aspaldidanik errepikatzen digute «Donostia: Europako sukaldaritza-hiriburua, munduan jateko lekurik onena» omen dela.

Badirudi Michelin Gidak, izarrak banatzean, munduaz hitz egiten digula baina, egia esanda, Euskal Herrian eta Europako lurraldean eliteek jaiak eta otorduak nola egiten dituzten bakarrik kontatzen digu; horregatik, Europa da hiru izarreko jatetxe gehien biltzen dituen lekua. Gogoan izan behar dugu Michelin Gidak ez zizkiola hiru izarrak eman jatetxe txinatar bati 2008 arte. Hain zuzen ere, Chan Yan-tak sukaldari kantondarrak eta Lung Ring Heen jatetxeak (Dragoiaren begiratokia) jaso zuten ustezko «ohore» historiko hori Hong Kongen.

Duela dozena bat urte arte ez zegoen Asia edo Afrikako hiru izarreko jatetxerik, non planetako populazioaren erdia baino gehiago bizi baita.

Esaten duten bezala, baldin eta XX. mende hasieran arteak erlijioari lekua kendu bazion kultu erritual gisa, XXI. mende hasieran gastronomiak funtzio hori kendu dio jadanik arteari.

Janariaren eta sukaldaritzaren inguruan erakunde aparatuak zabaldu dira, gai hori jorratzen duten telebista kateetatik hasi eta unibertsitate espezializatuak sortzeraino, eta sukaldariak rock izar bihurtu dira dagoeneko. Esan dezakegu Michelin Gida Nobel saridunak baino ezagunagoa dela eta eragin handiagoa duela gaur egun.

Hala ere, badakigu, horrekin guztiarekin, Europako aberatsek bakarrik posible duten jateko eta jai egiteko modu baten propaganda egiten ari direla, eta, aldi berean, planetan gosetea areagotu egiten dela krisi klimatiko eta politikoak direla medio, gure hondartza eta kaleetara iristen diren herritarren joan-etorri ugariren ondorioak eta guzti. Donostian bertan, KAS alternatiba (afari solidarioak) jazarri egin da, Grosen Culinary Center izenez egingo den ikerketa gastronomikoa loriatzen den bitartean; izan ere, nahiz eta auzoa aurka egon, ezohiko azkartasunez amaituko baitute lursail publikoan eraikin partikular horixe eraikitzen.

Janaria, haren beharra eta gozamena ere borroka eremu politikoak dira. Ezin gara erori plazer elitista eredu kosmopolita gisa aurkezten diguten planteamenduei publizitate positiboa emateko segadan.

Laster batean, San Joan gauetik aurrera, udako jaiak zabaltzen hasiko direlarik, sanferminetako kuadrillako hamaiketakoez, edozein auzotako txosnetako poteoaz eta lagunen arteko meriendez edota afariez goza dezagun, bada, giro eta bizipen horiek ezin baitira salgai bihurtu, eta, beraz, ez dute preziorik, balioa baizik.

Buscar