0 comentarios

SASTFOREST

 

Maiatzaren 12an (astelehena) eta astelehena ere baden 19an Alfonso Sastre eta Eva Forest omenduko ditugu Madrilen eta Hondarribian hurrenez hurren.

Alfonsok 88 urte bete ditu eta Eva, berriz, duela zazpi urte zendu zen. Biak ala biak adibide izan dira kapitalismo zafratzailearen  aurkako borrokan gaudenontzat eta horregatik, hala Madrilen nola Hondarribian bere izenak eta izanak aldarrikatu nahi ditugu.

Horretarako propio, honako lerro hauek eskaini nahi dizkizut, irakurle:

“Eva eta Alfonso, koska eta kezkaren kidetza.

Hondarribiko eliza ondoren zegoen harresiari arrakala ireki zioten behinola erasotzaileen kanoien ahoek “koska” eginez eta, denbora luze batez, “koskez” beteriko paretak utzi zituzten.

Hantxe zegoen Alfonso eta Eva hartu zuten lehendabiziko euskal etxea, hots, Bretxan

Koska zaharra Bretxa berri bihurtu zen bikotea, familia eta guzti, Hondarribira bizitzera etorri zirenean.

Eva eta Alfonso, Euskal Herrian ere Bretxan bizi izan diren lagun kezkatuak eduki ditugu.

Koska eta Kezka.

Evak, aginteei  koska eginez, mundu justuago bat erditzeko, eginiko salaketak koska bat haratago eraman gaitu. Erakutsi baitu ezkutatuta egon dena eta, bide batez, irakatsi digu harengandik ikas daitekeena, hau da,  bortxaren aurrean otzan izateak ez duela balio, koska egin behar zaiola menperatze nahiari  .

Alfonsoren kezka poetikoak, bestalde, bere AMAMARENTZAKO SONETOAn bezala, mundu justuago bat heltzeko iradoki digu modua:

Amama maitea, Cervantesen antzera, kartzela ilun barruan bagera(…), baina  alaitsu gaude bezain egoskor, ametsetan bezala, egiari zor (…) kanpora begira, ai ene espetxea, muinetaraino heltzen zait barrea, inor askatasunean duelakoan aterpea, nahiz eta zigorraren larreak, goibel  eta itxia eduki atea, gu libre gara, haiek giltzapeak…

Alfonso eta Eva,

Kostaldeko kezka eta koska

Iraultzakideak, kosta ala kosta.

Koska eta kezka adiskideak.

Adi, kideak!

Apurtu ditzagun kateak

Mundu berri bati irekitzeko ateak

Baietz bihur dezagun ezetza

Landu dezagun koska eta kezkaren kidetza.”

Fito Rdz 

/
últimos posts
últimos comentarios