Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Sigourney Torturatua

 

A Monster Calls izeneko filma (Munstroak hots egin du) aurkeztera etorri da Sigourney Weaver Donostiako Zinemaldira. J.A. Bayona zuzendari katalanak pairaturiko pelikula hau, askotan ohi bezala, eleberri baten egokitzapena da eta, bertan azaltzen duenez, ume eri batek makaldiari ihes egiten dio bere amak (Sigourney Weaver) gauero balizko mamutzar bati buruz kontatzen dizkion istorioei esker.

Horretaz gain, jakina denez, Donostia Saria ere jasotzera dator Sigourney.Bere gurasoek ezarritako izenaren partez, Sigourney deitura hautatu zuen berak The Great Gatsby maite zuen eleberritik hartuta, horrekin, bide batez, bere jarrera konformagaitzari bezain literaturazaleari ere izena eman nahian. 

Sigourney Weaveren bisita dela eta, asko izan dira gogora ekarritako berak antzezturiko pertsonaiak. Gehienek, Ridley Scottek, hasieran, eta James Cameron-ek nahiz David Fincher-ek, ondoren,  Alien filmearekin lotu izan dute, Ripley tenientearen paperarekin, hain zuzen

Niretzat, halere, Roman Polanskik zuzendutako Death and the Maiden antzezlanaren film-moldaketan agertzen zaigu zoragarriena, Paulina torturatua hezurmamitzen, alegia. Film hori antzezpen lan batetik eraman zuten pantailara, Ariel Dorfman idazle txiletarrak idatzitakoa, ingelesez eta gaztelaniaz.

Lan horren euskal ordaina badago (Herioa eta Dontzeila, Txalaparta) eta Euskal Herrian zehar taularatu izan da, Saratik Barañainera, Donostiatik Basaurira, lau haizetara Itziar Ituñok betez Roman Polanskirentzat Sigourney Weaverek egin zuen neska torturaturen papera.

Gaur emango diote Sigourney Weaveri Donostia Saria eta rol hori inork aipatu ez duenez, neronek azaleratu nahi izan dut. Ea, egunen batean, Herioa eta Dontzeila euskal filma ikusteko aukera daukagun eta, bide beretik,  Itziar Ituñok ere, Donostia Saria eskuratzeko aukera duen…

Izan ere, Zinema, ametsen lantegia baita…
Fito Rdz. 

 

Buscar