0 comentarios

Subirautza berriak eta betiko Estatuaren Teoria Politikoak

 

Subirautzarik gabe, horrela geratu dira dagoeneko gizarteak gobernatzeko Modernitateak sorturiko Nazio- Estatuaren araberako ohiko eredu politikoak, Farntzia edo Espainia, esaterako. Oro har, beren zilegiztasuna kolokan dago egungo ultraliberalismoak gastu sozialak murrizten dituelako. Eraginkortasunaren aldetik, berriz, ez omen dira lehen bezain operatiboak biztanlegoaren antolaketari ekin behar izaten diotenean (etorkinen inguruan lehertutako azken krisi europarrean, adibidez, ezin esan herritarrak eta estatuek bat egin dutenik...). Hala ere, Nazio-Estatuaren gabeziarik nabarmena, bere ardatzetatik gaur egun pairatzen ari den gizarte-krisialdiaz hausnartzeko erabateko ezintasuna dela uste dut. Hau da, ene aburuz, Modernitatetik heredaturiko eskema intelektualak baliatuz Moderniaostea deituriko gaurko zibilizazio krisialdiari (Nazio-Estatuaren krisi politikoa dena, besteak beste...) irtenbiderik aurkitzea nekez lortu daitekelakoan nago. Beraz, Estatu Modernoak honezkero ez du jabetzarik (globalitateak ebatsi baitio) ez eta bururik, ez etorkizunerako ordezko gizarte-eredua prestatzerik ezta haren egitasmoa eskeintzeko gaitasun nahikorik ere.

Aipatu guztia erraz antzematerik badago, esate baterako, Estatuaren Teoria politikoaz aditutzat hartua izan den Giovanni Sartoriren azken idazkietan batik bat. Jon Sudupe saiogileak komentaturiko Sartoriren La sociedad multiétnica izeneko liburukian Sartorik berak defendatzen duen estatu ereduaren antzera, etorkinen arazoaren aurrean etsita bezain ukakorra azaltzen zaigu, estatu liberalaren jite politikoetan ohikoa bihurtu den tolerantziaren aurka mintzateko lain («Ez dugu tolerantzirik eduki behar etsai kulturala denarekin»…) baitio. Hala eta guztiz, teoria «intolerante» hauekiko media gehienak zuhur azaldu badira ere, ez da inor ausartu deskalifikazio hutsera kondenatzera.

Estatuen mediak «ulerkorrak» izaten dira bere gizarte-egiturak defendatu ohi dituzte politologo zein filosofoekin, ez ordea, Nazio-Estatuaren aurka borrokatu izan duten militante independentistekin.

Dena den, Sartoriren uzta intelektualari erreparatuz ezin esan gizarte arazo zaharberrituei ihes egiten dienik. Aitzitik, gazteleraz argitaraturiko bere azken aurreko liburuan (Homo videns, italieraz Rivista Italiana di Scienza Politicavi 89anplazaratutako Videopolitica-n bezala, bestalde...) egun irudiak diskurtsoa nola nozitzen duen maisuki erakutsi zigun (arrazionalismoaren parametroetatik ikertuta betiere) eta soberanista katalandarren aurkako epaiketan ari gara ikusten. Hildo berean, UNESCOk kudeatutako Revista Internacional de Ciencias Sociales ezagunean (Repensar la Democracia. 1991.) Sartorik ez zuen erreparorik eduki burtsak eta botere ekonomikoek demokraziarengan duten eragina behar bezala az- tertzeko. Zer esanik ez Elementos de Teeoria Politica (Alianza, 1992), dagoeneko klasikoa bihurtu den artikulu bildumaz eta beste abar luzeaz...baina, esan bezala, G. Sartoriren politikak Nazio-Estatua du mugarritzat eta, beraz, hortik haratago ez da gauza izaten ezer ikusteko. Are gehiago, antzua da.

Suitza edota Belgikan erdietsitako arartekotutako demokraziaz (A.Liphartek teorizatatu duena) trufatu egin da (Elementos de teoria politica-n 56 or.). Erreferendumen aurka azaldu da maiz (Ibidem. 5 3. or.) eta, finean, demokrazia liberalaz kanpo dauden sistemak (demokrazia partehartzailea, zuzena, soziala, etab...) ezin du ulertu ere egin (ikus. Democrazia in Enciclopedia delle Scienze Sociale. 1991). Politika ulertzeko Sartoriren eredua ilustratua dugu, modernoa, bezain gainditua.

Egun, aldiz, bi ditugu herriak antolatzeko datozen sistema berriei antzemateko baliagarriak suertatzen ari diren erreferentziak: estaturik gabeko gizarteak eta paperik gabeko gizakiak. Ez batak ez besteak ezin baitute egungo ereduan beren eskubide politikorik gauzatu. Bitan agertarazten baitira Nazio-Estatu modernoen egungo ezintasunak eta betiko amarruak. Txanpon bereko bi aldeak badira; izan ere, etorkinen premiak eta estatu bezala Moderniara iristerik izan ez duten nazioen aldarrikapen politikoak. Bien egoerak gaurko herritartasuna berdefinitzera garamatza, ezinbestean.

Moderno ilustratuak hau guztia ulertzeko gai ez badira ere abagune honetan etengabe azpimarratzen ari diren bi problematika hauen baitan dago geroaren gakoa. Etorkizuna aurreikusi ahal izateko ikusmira. Beharko dugun biharkoa erdiesteko borrokak. XXI.mende- ko burujabetzarako bideak.

/
últimos posts
últimos comentarios