Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Thomas Teorema

 

Thomasen teorema deiturikoa, ahozkotasunaren fenomenoa azaltzeko balio du.

Bernard Shawen Pigmalion izeneko obran (1956an My Fair Lady filmean gauzatu zena), Arthur Hailey Traficantes de dinero eleberrian, Robert Mertonen soziologian, edota iatrogenia izeneko kontzeptuan agertzen zaigu aipatu Thomas teorema.

Thomas teoremak eta Pigmalion[1] efektuak edozein informazio helarazteko erari hizkera arruntetan zurrumurru deitzen dioguna benetako eragin sozio-kulturalak izateaz gain, taldekako zein norbanako errealitatea (baita errealitatea bera ere) aldatzeko ahalmen performatiboa ere baduela diote.

Thomas teoremak argitzen du iritzi publikoen aldaketak eta zurrumurruen eragina mundua ulertzeko. Bera dela medio uler daiteke, esaterako, duela aste bete Obama AEBetako presidentea zaurituta zegoela zabaldu zenean, New Yorkeko burtsan sekulako beherakada suertatu zela. Informazio gisa hedatutako bolo-boloak ez baitira usteak soilik errealitatea eraldatzeko moldeak baizik.

Bolo-bolo faltsua izan da, nonbait, Harvarden irakasle izan diren Carmen Reinhartek eta Kenneth Rogoffek zabaldutako teoria, alegia, %90ko zorpetzea duten herrialdeek ezin dutela hazkunde ekonomikorik ziurtatu.

Idei horri eutsi dio Nazioarteko Moneta Funtsak (FMI) bere mailegu politika ezartzeko munduan zehar ( aipatu bi irakasleak Funtsa horretako goi kardunak ere izan dira) eta, nolabait esanda, krisi ekonomikoari aurre egiteko terapia guztiak horren arabera zuzendu ohi dira.

Baina oker zeuden, gezurra zen.

Thomas izeneko 28 urteko ikasle batek, Herndon jauna, hala frogatu du Massachusettseko unibertsitatean.

Erabat zorpeturik izan arren, Kanadak, Australiak edo Zelanda Berriak hazkunde ekonomikoari eutsi zioten. Halere, Thomas Herndonen funtsezko ekarpena izan da Carmen Reinhartek eta Kenneth Rogoffek zabaldutako teoriaren oinarri matematikoa faltsua izan zela nabarmentzea.

Zer zioen Santo Tomasek?

Kristo hilik zegoela esaten ziotenean berak ihardesten zuen:

-Behatza bere zaurian sartu arte ez dut sinetsiko!

Eszeptikoa zen Tomas hori.

Eta eszeptikoak izan dira gure bi Thomas (hala teoremarena nola aipatu ekonomia ikaslea ere)

Mundu arrano honetan halakoak behar ditugu.



[1]              Rodriguez, F / Esnaola, I. (1996) “Idatzizko euskara batua eta ahozko euskararen arteko kontraesanak Euskal Herriaren nortasun kolektiboaren eraikuntzan (Gazte-hizkeraren kasua)” in Tantak. 16., 67-78 orr.

 

Buscar