Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Torturaren Zutoin Beltza

Torturak frogatzea oso zaila izaten da baina Joxe Arregiren gorpuan azaldutako arrastoen berri izan genuen Juan Cruz Unzurrunzagak eta Bixente Ameztoyk Zizurkilgo Kanposantuan harren gorpua hilobitik atera zutelako eta ubelduren argazkiak egin zituztelako.

Norberak bere buruaren kontra deklaratzea besterik bilatzen ez duen aitortzak ez omen du balio judizialik baina, halere, hori baino ez du bilatu hemen poliziak euskaldunon kasuotan bederen. Hori dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologia Euskal Institutukoak «1960tik 2014ra bitartean Euskadin izandako torturaren ikerketa proiektua» zuzendu zuen baita Nafarroako Foru Erkidegoan antzerako ikerketa burutu ere ia 5.000 torturatu kasuren berri dokumentatuz. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hamaika aldiz kondenatu du Espainiako estatua salatutako tortura-kasuak ez ikertzeagatik eta, kontrako ebazpen gehien metatu dituen epailea, ministro dute gaur Espainiako Erresuman.

Gogoratu daiteke Foucaultek torturari buruz zioena, ikerketa-metodo bat baino gehiago, epaileak akaso emango ez duen zigorraren aurrerakina dela, alegia. Susmagarria izate hutsak, Foucaulten iritziz, zigor bat merezi izatea ekar dezake, «itaundutako soina, zigorraren eta egiaren estortsioaren aplikazio puntua dela» zioen.

Baina, gainera, niretzat, tortura sistemaren funtsezko zutabe bat da! Zutoi beltza! Hori salatzeko idatzi zuen Alfonso Sastre izen bereko testu dramatikoa. Torturaren aurkako borrokan ere nabarmendu zen bereziki Eva Forest eta, egun, torturaren kasu asko behar bezala dokumentaturik baldin badira, haren ekimenari esker izan da. Bere bikotea, bizitzan nahiz borrokan, izan den Alfonso Sastrek Joxe Arregiren oroitzapenezko poema bat idatzi zuen Madrilen 1981eko otsailaren 13an (berrogei urte jada...) jasandako torturen ondorioz hil zen euskal herritarra gogoratuz. Honela zioen:

«Ate batzuen atzean infernuak bizi dira.

Nork ez daki hori? Zoratuta gaude, akaso?

Ate batzuen atzean, ahots lizun eta ilunez,

puzkerraz kolpeez eta guzti, ikaragarrizko algarez,

Herioak hartzen gaituela badakigu.

Askotan sartu izaten da infernuan.

Batzuk ez dira handik atera.

Joseba Arregi, zu.

Urte asko igaroko dira, baina ezinezko hori badago:

ezin da utzi, amets egin behar da: existitzen al da hori?

Ate batzuek, irekitzean, bulego aspergarrienek dirudite,

eta tristeak, mekanografo eta amets hilkorren tragedia arinak dituzte;

baina hormaren hari mehean, norbaitek auhena bota du,

eta, orain, bere larritasuna adierazi nahi du,

ez baitu inork entzun behar pareten artean

eta keinu zoologikoen eta haien Espainiaren aldeko orroen artean.

Mundua amaitu da? Non nago ni?, eta nire anaiak?

Edo non zaudete zuek, hain barruan eta hain urrun?

Zizurkilgo plaza badago oraindik? Adiskideen arteko poteoa?

Euskadiren ametsak, besarkada, bizitza?

Ez zaitut imajinatu nahi, Joseba;

utzi lo egiten pixka bat, etzanda.

Nekatuta nago gaur, eta zu hilda zaude.

Zu hil zara gaur, eta ni oso nekatuta nago.

Zu oso nekatuta zaude eta ni hilda nago?

Nire poetei eskua heltzen diet zuri eskua hartzeko,

nire tristuraren esku ez geratzek.

Eskua amorrua da.

A, zuk esan zenuen Vallejok:

Ez izan gaiztoa hiltzean, mantsotu!

Mantsotu hiltzean, eta ez zara hilko!

Joseba, orain, zer nahi duzu esatea? Oso gozoa da goiza gaur.

Atzo, ikusten ez dituzun lainoak izan genituen, eta zirimiria fereka izan zen.

Bihar zure bila joango naiz, ados?

Inoiz ez zintudan ezagutu,

baina orain zure itzala oso gertukoa sentitzen dut,

eta berak ibiltzera animatzen nau...».

Torturak frogatzea oso zaila izaten da baina Joxe Arregiren gorpuan azaldutako arrastoen berri izan genuen Juan Cruz Unzurrunzagak eta Bixente Ameztoyk Zizurkilgo Kanposantuan harren gorpua hilobitik atera zutelako eta ubelduren argazkiak egin zituztelako. Unzurrunzagak hil aurretik eman zuen testigantzak argitu zuen ekintza hori eta, horri esker, Joxe Arregiren heriotzak, Espainiako Barne Ministerioak zionaren kontra, naturaletik ez zuela ezer frogatzerik posible izan zen.

Goian esan bezala, gertaera hartatik berrogei urte igaro badira ere, Zizurkilgo plaza hor dago, eta Hondarribikoa, eta Euskal Herria borrokan torturaren erabilera sistematikoa izan dela eta, oraindik ere, badela aldarrikatuz. Eta, zorionez, esango nuke pentsamolde hauxe aski partekatua eta zabaldua dela gurean.

Asko gara torturatuak izan garenok eta jende asko egon da eta gaude tortura salatzeko bidean. Batzuk joan zaizkigu honez gero, Eva, Juan Cruz, Bixente, Joanmari...beste batzuk bizirik gaude oraindik, Alfonso Sastre, esaterako, otsailaren 20an 95 urte beteko ditu...eta borroka horretan segitzen dugu.

Nahiz eta torturatu gehienak ezagutu ez, Alfonsok Joxe Arregiz idatzitakoa geurea eginez:

«ez ezagutu, baina orain zuen itzala oso gertukoa sentitzen dugu eta zuek ibiltzera animatzen nauzue...».

Buscar