Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Trantsizioa berrirakurtzen

 Oso modan jartzen ari da zenbait politiko nahiz politikologoen artean balizko bigarren  Trantsizioari buruz aritzea. baina, Trantsizioa delakoa noiz suertatu zen ? zenbat epetan banatu beharra dago?, ze urtetik ze urte arteko epea eman,?

Ordua heldu da, ustezko Trantsizio hori berrirakurtzeko, birplanteatzeko eta garai hartan bizitakoaren arabera, agian, behar bezalako kritika edo autokritika politikoa ere egin ahal izateko aukera zabaltzeko.

Bestalde, sasoia ere bada, ene ustez, Trantsizioari birbegiratzeko, orduan eman izan zizkiguten istorioek egun guretzat balio ote duten ikusteko, eta orobat hausnartzeko Euskal Herriak bere antolaketa politikorako Trantsiziorik lortu ahal izateko baliagarriak ote diren .

Edo alderantziz, hau da, baliosteko Trantsizioa ez ote den izan soilik frankismoak sortutako istorio bat, ipuin hutsala, eta Trantsizioa bera ere ez ote genukeen beste modu batez ulertu beharko eta, ondorioz, orain gertatzen ari den guztia horren arabera birpentsatu,

Beraz, Trantsiziorik egon al da?[1] Eta izatekotan, zenbat ? Ba al dago lehenengo Trantsizioaren eta bigarren Trantsizioren artean bereizterik, eta orduan haietariko bakoitza noiz hasi eta noiz bukatu ziren?

Agian, Trantsizioa bera izan baita ipuin bat, kontatu ziguten antzezpen interesatua ez beste[2].

Batzuek jartzen dute, adibidez, Trantsizioaren abiapuntua 1973an. Urte horretan Carrero Blanco hil zuen ETAk eta, horrekin frankismoaren jarraipena bertan behera geratu zen.

Beraz, 1973an hasi zen, batzuentzat, eta 1976an bukatu. Eta 1976an, zergatik?

Bada, garai hartan egin zelako 'El referéndum para la reforma política' deritzana eta Espainiak onartu zuelako (Euskal Herrian ere onartu zela gogora dezagun, bide batez). Batek daki erreferendum horiek zer-nolako sinesgarritasuna edukiko zuketen gaur egungo europar baldintza demokratikoen arabera, baina, halere, Hego Euskal Herrian onartu arren, esan beharra dago Espainian suertatutako kopuruak ez zirela inondik-inora konparagarriak hemen gertatutakoarekin[3].

Dena den, 1973tik 1976ra bitartean jarri ohi da, laburrean, batzuentzat Trantsizioa delakoaren epemuga.

Beste batzuek, aldiz, ezetz diote, Trantsizioa planteatu zela Franco bera hil zenean, eta Franco 1975ean hil zenez, orduantxe hasiko zen. Bitartean, talde politiko ezberdinen artean halako akordio batzuk ibili zirela gogoratu behar da. Bide batez, esan dezagun euskal alderdi guzti-guztiak kanpoan geratu zirela akordio horietatik, baita jeltzaleak ere, eta hori burutu zela, azkenean, 1978an, orain indarrean dagoen Konstituzioaren onarpenarekin[4].

Hara, esan liteke bi epe desberdinak daudela, 1973tik 1976ra eta 1975etik 1978ra bitartean[5]: bi aburu, beraz.

Trantsizioaren epeak direla eta, beste batzuek diote mugarriak direla 1974tik 1982ra bitartean. Hau da, eskuarki, historialari sozialistek esan ohi dutena, 1974an izan baitzen Suresnes-en (Frantzia) PSOE aldatu zuen kongresua. Orduan, sozialisten artean Errepublikaren egituretatik etorritako buruzagi zaharren partez Felipe González-ek alderdiaren boterea hartu zuen eta baztertuta geratu ziren gerra eta erresistentzia antifrankista galduta zetozen sozialista zaharrak (LLopis, kasu).

Beraz, hirugarren bidea, Trantsizioa 1974 horretatik 1982ra  bitartean izango zen. Zergatik 1982?Urte horretan, hain zuzen ere, sozialistek hartu zutelako gobernua Madrilen.  Haiek eta haien historialariek pentsatzen dute beraiek kongresua egin zutenetik, 1974tik, Espainiako gobernua eskuratu arte, 1982ra bitartean, Trantsizioa ez zela guztiz burutu, zeren ordura arte espainiar estatua alderdi frankisten esku baitzegoen ( UCD, CDS eta AP).

Ikuspegi sozialista horretatik begiratuta, bederen, 1982an bukatu zen Trantsizioa.

 

Bada, oraingo honetan burutzeke dugun bidea zer izango litzateke, Urkulluk dioen moduan, “gure Transizioa”, edo Zubiagak dionaren arabera bigarren Trantsizioa, edota hirugarren Trantsizioa?

Niretzat Euskal Herrian espainiar Trantsizio hura ez da oraindaino gauzatu. Euskal Herrian, funtsean, frankismoak iraun du bere gordintasunean orain arte. Eta daukagun bide politikoan, gure eboluzioari jarraipenik ematekotan, urrats batzuk eman behar ditugu oraindik Europan ‘independentziaren laugarren olatua’ izango litzateke honetan.

Trantsizioa espainiar politikaren mitoa besterik ez da izan eta gureaz pentsatzeko, berriz, beste nazioarteko erreferentziak hartu behar ditugu kontutan. Aurrerantzean, baina , aukera izango dugu horretaz aritzeko berriro ere…

Fito Rodriguez.  

 



[1] http://www.elmundo.es/elmundo/2012/08/30/paisvasco. Urkullu: 'En Euskadi tenemos que hacer nuestra Transición'

 

[2] Taibo C. (2012) La Transición, milagro y quiebra.La catarata. Madrid. 

[3] Nuñez, L (1995) La razón vasca.Txalaparta.Tafalla.

[4] Pablo, S (2005) “ Silencio roto. El franquismo y la transición en la historiografía vasco-navarra”. Vasconia.34. 383/406.

[5] Ikus Antxon Ezeizak “Konstituzioaren erreferendunaz” burutu zuen ikuska dokumentala.

Buscar