Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

XXI.mendeko saiakela

XXI.mendeko saiakela

"Bihotzean daramagun mundua", Maite Darceles Hondarribiko idazlearen lehenengo eleberria (Alberdania, 2018) irakurri berri dut eta nobela baino gehiago saiakela delakoan nago.

Alta, nire “Faustoren itzala”(2004) gaztelaniazko ordaina plazaratu nuelarik(Hiru, 2005), Alfonso Sastrek idaztitako hitzaurrean, hitz berri hura erabili zuen nire lan literarioa definitzeko: “ensayela”, hau da, saiakela ,nobela den saiakera eta, halaber, saiakera den nobela.

Beraz, nire ustez, XXI. mendearen erdian kokatzen den istorio distopiko honek, saiakela izateaz gain, etorkizuneko gizarte fikzioa egiteko baliagarria den genero literario baten egokitasuna aldarrikatzeko balio du. Izan ere, informatizazioa dela medio, datorren bizimoduan aurkituko ditugun botere eta kontrolaren inguruko jarrerak definitzeko, hausnartzeko eta, finean, aurre egiteko, fikzioa ezin da aski izan, aitzitik, ikuspegi teorikoak eta liburuen erreferentziak ezinbestekoak baitira: Fromm, Moro, Orwell, Huxley eta abar, kontatzen dena ulertzeko oinarrizkoak direlako, hain zuzen ere.

Halere,  "Bihotzean daramagun mundua” erraz eta azkar  irakurtzen den testua da eta irakurketa, ildo horretan, Lorea, protagonistaren niaren eta narradore orojakilearen arteko disfuntziorik gabe garatuz doa. Dena den, aipatu orojakilearen horren partez Lorearen hitz jarioak garrantzi gehiago merezi duelakoan nago. Nire aburuz, baliabide eskasa baita goitik begira datorren ahotsak gertatzen ari diren gauzak azaltzea (“ Loreak ez baitaki…”) eta irakurleari ondorioak ateratzen ez uztea. Egia da horrela irakurketa errazten dela baina, neurri berean, literaturari funtsezko balioa (irakurlearen balizko interpretazioa) ebatsi egiten zaio.

Edozein modutara ere testu zirraragarria lortzen du Maite Darcelesek eta, bide beretik, kontrolaren inguruko jarreren aurrean sabotajea aldarrikatzerakoan (Helene Bidania pertsonaia maitagarria da oso) amaiera irekia eskaintzeko gai izan da, nahiz eta horrekin, Moore&Lloyd-en “ V for vendetta”ren bukaera epikoa saihestu.

Liburuan deskribatzen diren datozen kontrol garaiez ohartzerakoan, halere, eta kontuan hartuta Euskal Herriaz ari garela, galdera bat etorri zait burura: sasoi haietan, gurean, ez al dira bertsolaririk egongo?

Dena kontrolpean nahi zuten frankismo gorrian Lazkao-Txikik kontatzen du Lasarterekin batera suertatu zitzaiola Oriora kantatzera joan behar izatea eta hantxe, plazan, guardia zibilek, zentsoreak bidalita nonbait, galdetu ziotela zertara zihoan eta hark kantatzeko etorri zela esan zien. Haiek, berriz, - y que va a cantar usted?, ihardetsi zioten. Lazkao-Txikik, noski, ez zekiela, erantzun zuen eta, hara guardia zibilen esana:- pues vaya cantaores de mierda…!

XXI. kontrolpeko euskal gizartean esperientzia guztiak, sexualak barne, aurreprogramatua izango dira eta bapatekotasuna erabat baztertuta.

Egun, Maite Darcelesek horretaz ohartzeko liburu interesgarria idatzi digu.

Gaur, beste baten batek idatzi duen moduan, Euskaltzaindiak onartu berri du “hasieratu” baina ez du onartu “sukaldatu”…

 

 

Buscar