Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Zer da gezurra?

Vietnamera egindako bisita batean Hanoiko Emakumearen Museoa iparraldean eta Kutxineko tunelak hegoaldean ezagutu nituen eta, hara non, inperialismoaren aurkako borrokan askapenerako bidean erabilitako segadak, jukutriak eta, gezurrak azkenean, garaipenerako ezinbestekoak izan zirela ohartu nintzen.

Zer egia? Erdi egia gezurra al da? Eta erdi gezurra, egia?

Gezurtiak beti heldu ahal izango dio gezurraren nahikotasunik ezaren argudio zaputzari eta horrela, gezurra akats bihurturik, barkagarria izango da. Errazegia gezurti trebearentzat, errazegia gezurra esateko ez dela esan behar dakien gezurti horrentzat. Baina, halere, besterik gabe, batzuetan, gezurra behingoan gertatu eta agertzen da, inposatzen digu bere arrazoia hari nahikotasunik aurkitu ahal izan gabe. Hau da, gezurra esan nahi duen gezurtiaren aurrean, behingoan gertatutako gezurraz ere hitz egin beharko litzateke, ihes egiten digun gezurraz. Eta, halaber, hitz egin beharko litzateke gertatzen diren gezur kolektiboez, suertatzen zaizkigun esanahiei zentzua ematen dietenak, betikoa esaten eta egiten jarraitzeko nahi gabe irentsitako gezurrak. Izan ere gezurra erabiltzen dugu ez hainbeste aldez aurretik fidelki diseinatutako nahitaezkotasunari erantzunez, behar hutsagatik baizik. Baina gezurra ez da agertzen Soziologian nahiz eta, nahita nahi ez, gizarte-harremanetan presente egon. Gezurra hedabideetan azaltzen da, eguneroko hitz -jarioetan eta politikoen diskurtsoetan. Gezurraren bizipena badago, egon, baina ez da egin ohi hari buruzko hausnarketarik. Horren aurrean Simmel soziologoak diosku gizarteen ikerketan kasu egin behar zaiola esaten denari eta isiltzen denari, eta bi aldeek eraiki egiten dutela komunitatea (komunikazio-gunea). Gezurraren historia, teoria eta, halaber, literatura eta soziologia behar ditugu, beraz. Izan ere, jadanik badakigunez, mendebaldean oinarrizko mito den Bibliako Genesian, sugeak Ebari fruitu debekatua jan behar duela aholkatzen dionean, gezurra esaten dio Jainkoaren paradisutik irten dadin eta, handik kanpo, Adanekin batera, gizadiari hasiera eman diezaion. Gezurra dago, bada, giza komunitatearen hastapenetan.

Hala eta guztiz ere, gezurraz hezteko gure kulturak Pinocchio eredua landu ohi du bakarrik, ikuspegi morala, alegia.

Vietnamera egindako bisita batean Hanoiko Emakumearen Museoa iparraldean eta Kutxineko tunelak hegoaldean ezagutu nituen eta, hara non, inperialismoaren aurkako borrokan askapenerako bidean erabilitako segadak, jukutriak eta, gezurrak azkenean, garaipenerako ezinbestekoak izan zirela ohartu nintzen.

Hantxe aurkitu nuen Kuoi pertsonaia, zeinak ahozko ipuin tradizionalek duten kontaera bereziaren bidez, gezurrari buruzko eta haur gezurti baten ibilkerak kontatzeko aukera ireki zidan, anti-Pinocchio bat, alegia. Horrela idatzi dut Kuoi (https://www.txalaparta.eus/es/libros/kuoi).

Ekialdera garamatza liburu honek, ametsezko mundu batera, irakurleari oso hurbilekoa egiten zaion istorio batekin. Usain, paisaia eta testurak sentituko ditugu Kuoiren bidaian goazela, eta, batik bat, garaiotan horren beharrezkoa den gezurrari buruzko diskurtso moralak gainditzen lagunduko digu. On egin!

Buscar