Krudela eta gezurtia izan behar du norbaitek Donostiako udalbatza utzi eta Sandra Barrenetxea zinegotzi berria kritikatzeko ETAren ingurukoa zela esanez. Badakigu Espainiako PPk ETA aipatuz eta klixe zaharrak erabiliz bakarrik lor dezakeela Euskal Herrian nabarmentzea. Baina, kasu honetan, Sandra Barrenetxearen aurkako tortura bereziki bortitz eta matxisten bidez lortutako autoinkulpazioa alde batera utzi eta, gainera, zakarkeria horren berri ematean hedabideek (EITBk barne) horri buruz ezer zabaldu ez, testuinguruan jartzeko besterik ez izan arren, alegia, adierazitakoaren oinarri edo zoru bakarra torturaren praktika izan zela ezkutatuz, hori ere gehiegi da.
Guzti honek oso ondo azaltzen du zer nolako egoerara iritsi garen.
Zalantzarik gabe, Iratxe Sorzabalena bezalako kasu berri bat da hauxe. Badirudi hemen torturatuok bizirik irauteko eskubidea baino ez dugula, eta gainerako eskubideak eta, batez ere, politikoak betiko ukatuko dizkigutela, auzitegi-medikuek, epaileek, hedabideek eta ia alderdi politiko guztiek kontzienteki alde batera utzitako torturen ondorioz lortutako autoinkulpazioen arrastoak ezkutatzen segitzen dutelako.
Duela bi aste besterik ez bederatziehun torturatu inguru elkartu ginen Donostian bertan egoera hori salatzeko, inolako oinarririk gabe goian aipaturiko horien zoru etikoarekin kondenatuak izan garenok.
Orduan, lantzen ari ginen datuen artean, grafiko bat marraztu zen, non zoru horren gainean ETAren biktimak agertzen ziren eta azpian, GALen, BVEren, beste talde paramilitar batzuen eta Estatuko segurtasun-indarren biktimak; hor dago koxka, tortura kasuak ere bai.
Azken horrek adierazten zuen alde handia dagoela lurzoruaren gainean ikusgai dagoenaren eta, torturatuak eta guzti, azpian ezkutatzen denaren artean. Hain alde kuantitatibo eta kualitatiboa da, ezen biktima guztien artean agerian uzten baititu, lurraren gainekoak ageriko gutxiengoa besterik ez direla (errepikatuko dut, kuantitatibo eta kualitatiboki torturaren biktimen kopurua izugarri handiagoa baita).
Baina hori horrela dela estaltzen da, datu horrek agerian uzten duelako hemen bizi dugun auzi politikoa, non Estatuko aparatu guztiak inplikatuta dauden, jatorri politikoko indarkeriaren biktimen sektore esanguratsu bat ezkutatzeko, analisi integral bat eragozteko eta erakundeen zapalketa legitimatzen jarraitzeko, guztiak horretan zikinduta baitaude egin diren kontaketen hasieratik (1960tik aurrera) gaur arte.
Nik, Sandra, sinesten dizut, Iratxe eta beste askori sinesten diedan bezala.
Maite zaitugu.