Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Chomskyren memoria (eta gurea)

Nurenbergeko printzipioak indarrean baleude, Bigarren Mundu Gerraren ondoko AEBetako lehendakari guzti-guztiak kondenatu beharko liratekeela baieztatu zuela-eta, banan-banan argudiatzeko eskatu zion kazetariak Chomskyri. Bideoa 2003koa da baina, ikusia baldin banuen, ahaztuta neukan. Eta txundigarria da. Ez ematen dituen datuengatik soilik, egiten duen memoria erakustaldiagatik baizik: Eisenhower, Kennedy, Johnson, Nixon, Ford, Carter, Reagan, Bush I, eta Clintoni errepaso galanta ematen die. Geroztik etorri direnena ere egina izango du seguru asko. Baina, Chomskyren memoria harrigarria izanda ere, ez da zaila beren historiako lehendakari guztien zerrenda buruz dakiten estatubatuarrak topatzea, eskolatutakoen artean, jakina. AEBetako eskoletan irakatsi egiten baita lehendakarien zerrenda, 1.etik −Washington− azkenekora −46.era, Biden−. Kasualitatea ere ez da izango nik bideoa otsailaren 19an bistaratzea, AEBetan President Day ospatu duten egunean.

Gobernuburuen lorpenen nahiz krimenen azterketa historikoa egiteko lagungarria da abiapuntu gisa zerrenda komun bat izatea. Guk ez daukagu. Ez zerrenda bateraturik, ez lehendakari egunik. Ba omen da Sanz, Barcina, Barkos edo Txibite zerrenda horretatik kanpo utziko lukeenik ere. Nekeza da, horrela, oroimena behar bezala ontzea.

Biharamunean, otsailaren 20an, "Euskaldunon Egunkaria"-ren itxieraren 21 urte bete zirela-eta, egun hori jai nazional bihurtzeko proposamen polita irakurri nion Maialen Akizuri. Uztailaren 15a ere hala izenda genezake, "Egin"-en itxiera gogoratzeko. Lehenagotik ere gordeta daukagu abenduaren 6a, "Euskaldunon Egunkaria"-ren konstituzio egun gisa. 1990, 1998 eta 2003ko gure lehendakarien zerrenda osa genezake −estatuen arteko mugatik hegora soilik, ordena alfabetikoan, Ardantza, Ibarretxe, Sanz eta Urralburu− eta aztertu, hiru gertaera horietako bakoitzean, nora begira zeuden, zer egin zuten eta zer ez. Eta, Chomskyren antzera, gure memoria osatu.

Buscar