Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Ar(i)ma errugabeak

Horrelakoetan askori bururatzen zaizkigu antzeko galderak. Desesperazioak gogoan horiek egiterainoko nahasmena eragiten badie, emakumea hil eta gero bere burua hil beharrean nolatan ez dute aldrebes egiten? Zergatik ez dute lehenbizi beren burua hiltzen? Suizidioarenak erabaki gaitza izan behar du, baina ekintzen ordena kronologikoa aldatzeak heriotzen erdiak eragozteko balioko balu, gaitz erdi. Bestalde, horrelako zenbat heriotza saihestuko genituzke hiltzaileek armak eskuratzeko zailtasun gehiago balute?

Egia da, hau ez da Amerika. Hemen ezin dira erasorako fusilak eta munizioa supermerkatuetan erosi. Eta eskerrak. Badaukat kezka, ordea, beste gauza asko bezala, AEBetako armazaletasuna ere gure artean zabaltzen ari ote den. Hasteko, ehiza-kulturak ez du atzera egin azken hamarkadan; alderantziz, ehiztarienak lobby indartsua izaten jarraitzen du, azken asteotan hainbat udal-, eskualde- eta lurralde-hautagaitzek sumatu ahal izango zuten bezala. Bestalde, ez dakit nola dagoen orain kontua, baina iragarri zuten aurrerantzean udaltzainek pistola eraman beharko zutela eta, erreakziorik izan bazen, apala, apalegia izan zela onartu beharra dago. Gure armagintzak ere ez bide du marketin-kanpaina indartsuren beharrik bere salmentak biderkatzeko, barne-kontsumo nahiz esportazioari esker. Ez da entzuten haien faktorietako langile-sindikatuen ahotsik –ez daukate konbenio arazorik, sobra ere–.

«Si vis pacem, para bellum» ez da sekula aholku bakezalea izan; «herri armatua inoiz ez da zanpatua» faltsua da. Bakea bultzatzeko arma gutxiago eta justizia gehiago behar dugu. Horri begira, diru gehiago hezkuntza, osasun (fisiko eta mental) eta kultura politika publikoetan, eta gutxiago, arma, polizia eta armadetan. Armekin izaki bizidunak hiltzea aisialdi eta kirol jardun daukatenak ez dira arima errugabeen jabe. Are gutxiago, armak ekoiztea lanbide eta aberasbide daukatenak. Gizarte armatua –armazaletasunari eta armagintzari bidea ixten ez diena– ez da errugabea. ETArena ez zen –ez da– egin beharreko armagabetze bakarra.

Buscar