Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Filosofo mitikoa

Hil aurretik ere mitoa zen Kripke. Haur prodijioa izan zen, logika modalaren osotasun teorema frogatua zuen 18 urteak bete baino lehen, eta 36ak betetzerako irabazia zuen jenio fama.

Saul Aaron Kripke, XX. mendeak eman duen filosoforik handienetakoa, hil egin da irailaren 15ean, eta inork gutxik jakin du hemen. Oso oker ez banago, gure inguruko egunkarien artean, NAIZ izan da berria ekarri duen egunkari bakarra, filosofia serioak eta haren fundamentuzko dibulgazioak gure komunikabideetan duten osasunaren adierazgarri.

Filosofiaren historian tokia irabazia zeukan hil aurretik ere. Bere eragina zaila da puzten: matematikaren, hizkuntzaren eta gogoaren filosofietan, metafisika eta epistemologian lorratza utzi zuen, eta benetan irauli egin zituen logika modalaren eta hizkuntza naturalaren semantikaren alorrak. Historiara mito edo legenda gisa egingo du, beste filosofo bakan batzuekin batera. Ez dute oraindik taxuzko biografiarik idatzi, baina etorriko da, eta interesgarria izango da, dudarik ez. Besteak beste, honako galdera hau erantzuten saiatu beharko du: zer izan behar du batek historiara filosofo mitiko gisa pasatzeko?

Izan behar du gizona eta zuria, baina ez du zertan hilda egon. Hil aurretik ere mitoa zen Kripke. Haur prodijioa izan zen, logika modalaren osotasun teorema frogatua zuen 18 urteak bete baino lehen, eta 36ak betetzerako irabazia zuen jenio fama: «Garaiotako bururik zorrotzena» zela esan zuen "The New York Times"-ek 1977an. Hitzaldiak paperik gabe ematen zituen, aipuak buruz ematen zituen –apenas akatsik gabe, orrialde zenbaki eta guzti–, eta hitzaldiak grabatu eta transkribatuta osatu ziren bere liburu gehienak. Kultuzko filosofo bihurtu zen. Eszentrikoa esaten genion bere jokabideari. Denboraren nozioa galtzen zuen eta eskolak ordutan luzatu. Laguntza behar izaten zuen egunerokoak kudeatzeko eta bereziki zailak egiten zitzaizkion harreman sozialak. Galdera batzuk: Autista al zen Kripke? Zein da arte eta jakintzetako jenioen eta autismoaren arteko erlazioa? Eta jakintzaren, diruaren eta erlijioaren artekoa?

Ludwig Wittgenstein bera ere judu familia aberatseko gizon zuri autista zen. Wittgenstein eta Kripke dira, agian, joan den mendeko filosoforik jenial eta mitikoenak. Kasualitate hutsa?

Buscar