Futbola, sinbolikoki begiratuta, garrantzi gutxiko gauzetan garrantzitsuena dela irakurri nion Ane Urkiriri igandean, egunkari honetan. Polita iruditu zitzaidan. Aitortzen dut, nolanahi ere, eszeptiko samarra izan naizela beti futbol selekzio ofizialak euskal nazio identitatea edo independentziarako bidea indartzeko egin dezakeen ekarpenaz. Independentziaren emaitza gisa ikusi dut gehiago, pizgarri gisa baino. Baina, jakina, Euskal Herriko futbol selekzio ofizialaren alde nago, beste euskal kirol selekzioen alde nagoen bezala. Eta poztu nintzen jakitean Palestinako selekzioarekin egingo zuela urteroko partida, selekzioaren aldeko aldarriaz harago, bi herrion askatasunaren alde egiteko.
Esan zidaten eskatu behar izan zitzaiela palestinarrei ezabatzeko piperpotoa beren iragarkietatik; esplikatu ziela baten batek kontuak nola zeuden hemen. Emango zien, akaso, gure herriaren zatiketa administratiboaren berri, eta esango zien zati horietako agintariek desberdin egiten dietela aurre nazio gisa existitzea bera ukatzen diguten estatu boteretsuei. Erraz ulertuko zuten hori. Zailago egingo zitzaien ulertzea zergatik izena duen «Euskal Selekzioa» (Basque Team) eta ez «Euskadi» edo «Euskal Herria» (Basque Country), gure selekzio nazionala baldin bada, zazpi herrialdez osatutako nazioaren futbol selekzioa; edo zergatik egin zion jende askok txistu "Fida’i" ereserkiaren ondoren entzun zen "Gora ta Gora"-ri; edo zergatik falta ziren Oyarzabal, Zubimendi, Merino eta Williams.
Espainiako egunkari batean leitu nuen, biharamunean, palko buru lanak Espainiako ministro batek egin zituela: valentziar-palestinarra den IUko Sira Abed Regok. Eta Eusko Jaurlaritzako sailburu gehienak zeudela harekin; CAFek, Sidenorrek edo Ertzaintzak Israelekin dauzkaten harremanak eteteko ezer gutxi egiten duten horiexek. Palkoak ez, inguruan neuzkan palestinar errefuxiatuen malkoek erakutsi zidaten, ororen buruan, Palestinaren eta Euskal Herriaren elkartasun eta askatasun haizea altxatu zirela larunbatean San Mamesen, zelaitik harmailetara, eta harmailetatik mundura.
