Momentu jakin batzuetan, nazio batek, herritar bakoitzak, geratu egin behar du eta galdera zailenei erantzun. Israeldar askorentzat nahiz munduan zehar bizi den judu askorentzat oraingo hau da une horietako bat. Gazako gertaerak jasanezinak dira: hildako haurrak, goseak jotako familiak, erabat ezabatutako auzoak. Gune sakratuak hondakin bihurtuta, antzinako komunitateak birrinduta. Eta beste behin, errefuxiatu mordoa, bigarren edo hirugarren aldiz horietako asko, setiatutako Gazako Zerrendan etxegabe.
Goiko hitz hauek ez dira nireak. Avrum Burg izeneko idazle, irakasle eta politikari israeldarrarenak dira, gaur hiruzpalau egun argitaratuak. Israelen bertan Avrum Burgena bezalako ahotsak altxatzen direla egiaztatzeak kontsolamendu apur bat eskaintzen du, hitzen erabilera hipokritak zinismo orokorra bultzatzen duen garaiotan. Merezi du pixka bat gehiago irakurtzea:
«Gu geu gara Gazaren oinaztaileak. Gogoz eta nahita. Eta hori gutxi balitz, gure krimenei axolagabekeria beldurgarria gehitzen diegu. Israelgo gizartearen gehiengoak soraio jarraitzen du, bihozgabe. Gazaren suntsiketa Israelen lur-jotze moralaren akusazio gorrotagarria da. Eta egia aitortu behar dugu: oinarri etikorik gabe, Israelek ez du existitzeko justifikaziorik».
Israeldarrei ez ezik, lurtar guztioi ezartzen digu Gazakoak galderarik zailenak erantzuteko premia. Euskaldunoi ere bai. Egia da: guk ez dugu genozidioaren konplize izatea erabaki. Baina zer egiten ari da gutako bakoitza, zer gure nazioa, gaizkide ez izateko? Gu ere sorgor gaude? Bat egiten dugu aste bukaeran Gazakoa salatu eta aste barruan CAFen inbertsio publikoa handitzen duten agintariekin? Non da gure oinarri etikoa? Alferrikakoak iruditzen zaizkio askori banderak, boikotak, desinbertsioak eta elkartasun adierazpenak oro, estatuek Israelekin dituzten harreman ekonomiko eta militarrak eteten ez dituzten bitartean. Zertarako hitz egin? Zertarako egin protesta? Nazio guztien oinarri etikoa eta, ondorioz, existitzeko justifikazioa bera jokoan dauzkagulako Palestinan gaur.
