Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Gotham eta Gaza

Atzera eragin didate beti saguzarrek, baina ez da hori Batman gustuko ez izateko arrazoia. Gotham hiri ilun eta zikinetik kanpo, berealdiko gaztelu batean bizi den mega-aberatsa da Batman; iluna, suminbera eta harroa; gurasoak hil zizkiotela-eta edozertarako eskubidea duela uste duen aberaskume nardagarria. Ilunak dira Batman bizi duten bulkadak ere: gorroto, herra eta mendekuzkoak. Bai, badakit fikziozkoak direla, baina ez ditut atsegin ez Batman, ez Gotham. Eta fikziozkoa baino are gutxiago atsegin dut Gotham erreala.

«Gatazka egoeretan, desastreei erantzuten eta ondoko berreraikuntzan» parte hartzen eskarmentua omen duen AEBko enpresa baten izena da Gothams −horrela, pluralean: Gothams LLC−. Azaroan Trumpen Gobernuari egindako proposamenaren arabera, Gazan «Riviera berria» eraikitzeko lanetan baliabideak garraiatzen eta, oro har, logistikan parte hartuko luke, zazpi urteko monopolioa ziurtatuta, eta %300eko irabaziak lortu. Tasa bat kobratuko luke Gazan mugituko litzatekeen kamioi bakoitzeko eta erabiliko lituzkeen biltegi eta banaketa zentro bakoitzeko. Neurriz kanpokoa iritzi diote %300eko etekinari Afganistanen eta Iraken horrelako tratuetan ibili direnek: %25a omen da normalean mozkina.

«Zantar», «lohi», «lizun», «likits», «zikin», «limuri» proposatzen dizkit hiztegiak lehenago bururatu zaidan gaztelaniazko obsceno itzultzeko. Eta ez dakit, egia esan, zein den horrelako enpresen eta bere arduradunen jokabide mota hauek kalifikatzeko hitzik egokiena. Fikzioak ere nekez irudika ditzake tamaina honetako gaizkile eta bilauak. Doilorkeriaren marka guztiak ari dira hausten Gazan: okupazioa, apartheida, genozidioa, garbiketa etnikoa, eta, horien guztien kontura, negozioa. Miseriaren kontura negozioa, gerraren kontura negozioa. Eraiki, suntsitu eta berreraikitzearen negozioa. Besteen lanaren bizkar, besteen bizitzen bizkar, negozioa beti. Batmanenak baino ankerragoak dira negoziolari hauen motiboak. Eta lotsagabe −zigorgabe− ari dira Palestinan, Venezuelan, Kuban, Groenlandian edo Iranen. Oraingoz.

Buscar