Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Mateoren arabera

Edizioaren ederrak eraman nau duela gutxi Mateoren Ebanjelioa leitzera. Eta harritu nau bere testura kontrasteak. Batetik, testu latza egin zait, joskera zurrunekoa, urruneko garaiak eta giroak esplika dezaketen soiltasun arrotzekoa. Beste aldetik, ikaragarri aberats aurkitu dut, ezjakintasunez, Shakespeare edo Cervantesekin lot nitzakeen esamolde, konparazio, metafora, alegia eta parabolez betea.

Kontua da Mateok marraztutako Jesus ez zaidala pertsona atsegina iruditu, ezta pertsona ona ere. Erori dena, gaixoa eta itsua ez ditu berehalakoan laguntzen eta sendatzen. Laguntza eskatu egin behar diote lehenago, eta erakustaldi –lezio– bihurtzen du laguntza. Ongia egiten du, bai, baina batere senik gabe. Egiten ditu gauza on asko; mirariak ere bai. Baina ez dira berak eginak. Jainkoak hartua dago; haren bitartekoa baino ez da. Mateoren Jesusek ez dauka ongintzarako senik –bihotzik–, ez gogorik, ez arrazoimenik –bururik–. Jainkoak maileguan utzitako superbotereak erabiltzen ditu, eta haren izenean hitz egin. Hala bada, ez da bere hitzen eta egintzen erantzule eta ez du gurutziltzatzerik merezi, baina ezta salbaziorik ere.

Berezkoa du jende arruntak erori berri denari laguntzeko sena; makurtzeko keinu erreflexua egiten du, eta, laguntza ematen ez badu, da pentsamendua sartu zaiolako tartean: sena itzali eta asmo bihurtu ez. Zaila egiten zait Trump irudikatzea eroriari laguntzeko keinua egiten. Ez dut uste deabruak hartutakoa edo gaizkiaren bitarteko hutsa denik. Berezko autokrata senak gidatzen duela dirudi, diru eta botere goseak, ez buruak. J.J. Imaz, ordea, imajinatzen dut laguntza emateko makurtzen. Diktadoreari morrontza keinu lotsagarria egiten ikusi dugu, baina, bere kasuan, buruak agindu diola esango nuke, ez dirua egiteko berezko senak. Nolanahi dela ere, Jesu Kristo ez bezala, beren egintzen erantzule dira Donald eta J.J., eta, IBM-Basque Country ordenagailu kuantikoak gamelua orratzaren begitik igaroarazten ez badu bederen, ez dira Jainkoaren erreinuan sartuko. Mateoren –eta Markosen eta Lukasen– arabera.

Buscar