Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Tonto eta erretxin

Zahartzen ariko naiz. Eta erretxintzen. Tira, zahartzen egunero ari naiz (eskerrak!) baina lehenagotik ere erretxinduta nengoen, seguru asko. Zahartzen eta erretxina izango naiz, bai; baina tontoa ez. Edo ez tonto errematatua behintzat, hainbat frontetatik, denak batera, hori sinetsarazi nahi didaten arren: pentsatzeko, entzundakoa ulertzeko eta ganoraz mintzatzeko gai ez den haurra banintz bezala tratatzen naute (derradan bidenabar: umeei ere ez litzaieke hitz egin behar tonto errematatuak balira bezala; izena edukitzeko eskubidearekin batera, Nazio Batuen haurren eskubideen deklarazioak jaso beharko luke hori, dagoeneko jasoa ez badauka).

Fronte bat lantokian bertan daukat. Pedagogoek agintzen dutelako edo, irakaskuntza metodo berriak dira garrantzitsuak. Badakizue: ikasleak taldetan banatu, talde-lanak egin, posterrak marraztu, hormetan eskegi...; edukiak, hor konpon. Unibertsitatean ez, ikastolan gaudela esaten didate gelako hormek; garapen kognitiboan atzera egitera bultzatzen, umetzen, tontotzen. Testuinguru horretan eskertu ere egiten dira kanpoko paretetako aldarri-grafitiak; Zorroagako urteetara naramate. Tonto borrokalariak ginen orduan, sikiera.

Antzeko inpresioa hartzen dut alderdi politikoek kanpainan egiten ari diren mitinen irudiak ikustean. Atril dotore baten aurrean zutunik, tautologia nabarmena botatzen du hizlariak; korroan jarrita dauzka militante/figuranteak; edo mahaitxoen inguruan taldeka eserita, aperitiboa hartzen baleude bezala, txalotzeko pronto, telebistan dena dotore ager dadin. Ematen du eszenografia eta iluminazio ikastaroak jaso dituzte garai batean «fontanero» lanak egiten zituzten burkideek; oratoria kurtsoak hautagaiek. Hori izango da publizistek eta komunikazio graduatu berriek eman dieten aholkua, baina, zer egingo diogu ba: nik ezin dut showa jasan. Tontotzat hartzen nautela iruditzen zait. Tonto erabatekoa. Eta ez diet arretarik eskaintzen. Ez dago kuidadorik, hala ere. Nik normalean badakit azala eta mamia bereizten. Eta tonto-tonto emango diet botoa. Erretxin.

Buscar