Ainhoa Güemes eta Zaloa Basabe Blog
Ainhoa Güemes eta Zaloa Basabe Blog

Bitxi bat gara eta harro gaude

Markel Moreno

 

Hau kazeta da, zu idazten ari zarena aldiz, literatura hutsa! Gaztea nintzen orduan, baina inola ere tentela edo inozoa; praktiketan jarduten nuen egunkariko zuzendariak, borondate onez (tipo jatorra baitzen, kutsu paternalistarik erakusten ez zuena, albokoei entzuten zekien gizaki bitxi horietakoa) baina begirada zorrotz baten bidez, hala bota zidan: Ez idatzi horrela, idatz ezazu honela…

Zuzendariak ez zuelakoan asmatu nago, ez zuelako baloratu ahots propioak bere diferentzian dakarren aberastasuna, hau da, ahots bat edo sorta bat (herri batena, talde batena, gutxiengo batena) hizkuntza handien inperioan existitu ahal izateko, desegina, deseuztatua, deslegitimatua ez izateko, nahitanahiez, indarrez, aldarrikatu behar duen etika eta estetika boteretsua.

Kode bakarra eta onargarriaren gainetik idatzi nahi nuen, nire/gure gorputzan erditzen den biziera, hizkera, hau da, izanahi ezberdindua posible izan dadila. Gaztetan argi nuen bizirauteko adierazpen-estrategia horren beharra; are argiago dut gaur egun. Diskurtsoaz jabetu ezean, jai daukagu. Diskurtso propio eta kritikorik gabe gureak egin du! Pentsamendu kritikoak aske egiten gaitu. Kazetaritzan lizentziatua eta kazetaritzaren arauak nahiko ondo manejatzen nekien garai hartan, baina ikasitako arauak soilik baliogarriak diren heinean errespetatzen nituen, eta errespetatzen ditut.

Orduz geroztik sarritan bizi izan dut episodio bera. Mezu desmotibatzaileei (lehun azalduta) erantzun nahian, eta atseden intelektualik ezin harturik, erabat desaktibatzaile den praktika diskurtsibo-errepresiboen aurka altxatu naiz behin eta berriro, ozenki esanez: Xurga nazazu kodea! (gordin, argi eta zorrotz azalduta).

Idazkera, sorkuntza eta ikerketa lan oro ‘Errealitate Beraren’ izenean sakrifikatzen diren kultura kolonizatzailean, ‘besteok’, anormalak, kuiarrak bizirauteko defendatzen ditugun adierazpen-teknika askatzaileak erabili eta gorestu beharrean, tamalez, sarriegi zentzura blokeatzailea garaile ateratzen da. Zenbat aldiz entzun behar izan dut: Hegoak dituzu, idazterakoan hegan egiten duzu, baina hobe gehiengoak manejatzen duen kode bera erabiliko bazenu. Ez idatzi horrela, idatz ezazu honela.

Lander Garrok ‘Um fingidor’ titulupean, Berrian idatzi berri duen artikulu ederra eta esanguratsua irakurtzen nagoela, aipatutako komunikabide horren zuzendariak orain hamar urte esandakoa etorri zait burura. Gauzak ez dira gehiegi aldatu. Garai latzak izan ziren hamarkada luzean bizitakoak, polizien eskuetan lagun torturatuen gorputz apurtuak ikusi nituen, lagunek bizitzaren alde eta inposaturiko isiltasunari aurre eginez eman ziguten testigantza hartu eta terrorearen itzalaren azpian, labirintotik nola atera pentsatu, pentsatu eta berriz kritikoki pentsatu: Nola da posible, nola jarraitu, nola segi aurrera terrorea jaun ta jabe den inperioan?

Segi idazten, segi sortzen, jarraitu kode itogarria ukatzen, testigantza zabaldu eta egunen batean, hegoak atera zaizkizula ikusiko duzu, hegan dakizula ohartuko zara, ondo jakin gainera. Segi, segi, segi aurrera, korrontearen kontra. Gure sorrera, gure izaera, gure hizkera askatzaileak eratzen goazela elkarrekin eratu egingo dugu herria, etxea, gura dugun mundu aparta.

Euskalduna, gutxiengoaren apur insignifikantea, anormala, ‘bestea’, bitxia, arrarroa izatea beste planeta batekoa izatearen hurrena da: «Ez gara mundu honetakoak». Eta horixe da kuiar arraroa izatearen onura, zeure/geure mugarik gabeko irudimenak legezkoa denaren eta araututakoaren estra-radiora edota periferiara bultzatzen zaituela/gaituela, errudun sentiarazi gabe. Errua marrantaren eskutik dator. Derrigorrezko isiltasuna eta zuzenketa, madarikaziozko zentzutasuna, oparotasuna xahutzen duen gabezia, askatasun murriztapena.

Zakarki esan dezagun garena, xurga ditzagun kodeak! Zeure/geure izaeraren gordintasuna, lumaren lotsagabekeria, ohitura nahasiak eta 'bestearekin' (lagunekin) harremanetarako dugun berezko naturaltasuna ere hor daude jokoan. Segi dezagun euskaradun trans-izaki arraro xamar izaten, herri libre bateko patentatu gabeko produktu aldakorrak, sekula frekuentziarik onena lortu ezina: normaltzat eta atsegingarritzat hartzen den hura.

Segi aurrera, lagun, behin eta berriz atzera botatzen zure ahotsarentzat ezegokiak diren rolak, gidoiari emaniko itzuliak, linealtasun espresiboa hausteko irrika bizi hura defendatu! Zeure barreneko ahotsaren eta buruko ahotsaren auto-kontrol hori, doinu jario kontziente eta kaotiko hura. Euskaradun kuiarrak gara disonanteak garelako.

Gure ahots propioen tinbrea eta tesitura geroz eta sailkaezinagoak dira. Konposizio polifonikoak sortzen ditugu, belarria mintzen dutenak baita, indize akustikoaren nazioarteko sistema araudian erreparatu barik. Kanpoan darabilten kodigo berbera ikasi behar hori kolokan jarri behar da norbera eta herria bizirauteko. Euskaldun libre, berbati kuiarrak izan nahi dugu. Bitxi bat gara. Egia da porrotaren puntura iritsi eta berau gaindituz gero, atzera itzultzerik ez dela izaten, eskerrak, eta jada ez dago ezer gure/zure martxa arranditsua oztopatuko duenik. Bizirik irauteko jaioak gara. Inork ezin izan du menderatu gure ahotsa.

Euskaradun kuiar bilakatzea ehun giltzarrapoz itxitako kaiolatik at bizitzea da. Labirintoa gurutzatzen ari gara. Aldarrika dezagun plazerez garena eta izan nahi duguna, bizitza orok, bizitza bakoitzak bere diferentzian sorkuntzarako duen gaitasuna baieztatzearen alde. Segi idazten, segi sortzen ‘Errealitate Berak’ produzitzen duen terrorearen aurka!

 

*kuiarrrrr=queer, hau da, arraro xamarra

 //Badaezpada diot, lagun batek galdetu didalako ea kalabaza arra edo ornitorrinkus esan nahi dudan hitz horrekin ;)

Buscar