Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Euri fina

Mundua ezagutzeko prozesu amaigabean ari direnek, hitzetan sakontzera eta horien esanahiaz hausnartzera behartzen gaituzte. Matxismoa zer den galdetu dit begietara begira, gosetuta afaltzeko zer dagoen galdetzen duenaren determinazio berberarekin. Ez da gaia aipatzen dugun lehen aldia, baina larritu egin naiz, galdera zehatza delako eta garrantzitsua iruditu zaidalako behar den bezala erantzutea, modu ulergarrian eta, aldi berean, inguratzen duena begiratzeko bere modu berezi hori erabat zapuztu gabe. Aurretik ere entzunak ditu bai hitza, bai eta nazioarteko eguna bera ere; izatez, behin baino gehiagotan parte hartu du indarkeria matxista salatzeko mobilizazioetan, baina eskolan gaia lantzen ari dira eta, antza, jaso dituzten azalpenez haratago, sortu zaio indar handiagoz hitz horien atzean gordetzen dena deskubritzeko beharra.

Haren ondorioetako batzuk agerikoagoak dira, munduan barna, urrun eta gertu, asko direlako emakume izate soilagatik hiltzen diren emakumeak, zaurituta bizi direnak, bizi baldintza kaxkarragoak dituztenak. Baina euri finaren parekoa ere bada, ohartu gabe bustitzen gaituen zerbait, oharkabean ia errepikatzen ditugun keinu askok eta geure egiten ditugun ideiek elikatzen dutena. Marrazki bizidunetan emakumezko zein gizonezko pertsonaiei ezartzen zaizkien rolak desberdinak dira eta parekoak errepikatzen dira hainbat liburutan; azken asteetan esku artean darabiltzagun jostailu katalogoak eta telebistako jostailu iragarkiak beste adibide bat dira, horietako batzuetan oso argi bereizten baita egun diren eta etorkizunean izan nahiko duten horretan ezartzen zaizkien mugak. Txisteetan edo lagunartean egiten diren hizketaldietan ere hor dago, sentitzen dugun eta senti genezakeen beldurrean ere ageri da eta jasotzen dugun edota jaso genezakeen tratuan ere eragiten du. Blaituta gauzka, izan ere, matxismoak. Ikusten direnak eta ikusteko arreta eskatzen dutenak, guztiak baitira. Datozen egunetan jarraitzekotan geratu gara, egunero sortzen zaizkigun adibideak pilatu ez daitezen.

Buscar