Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Adi

Atzerakada gertatuko ote zen beldurra bazen, ordea, sukalde lana aspaldi abiatuta, aproposko egoera iritsi zain egon direlako sektore atzerakoienak

Uste dut beste garai batzuk bizitzeak utzitako ajea zuela edo agian esperientzia edo izaera kontua zen, baina inoiz ere ez zuen bere burua ez guztiz gustura ez konfiantzaz itsututa agertzen. Nekosoa ere bazen haren “baina…” etengabekoa eta pozaren eutsia. Lorpenak ezagutzen bazekien, noski, horretarako lan handia egiten zuelako, baina aurrera egin izanak adina pisu bazeukan bere hitzetan atzera egiteko beldurrak; eta aurrera begirako lanen zerrendan, atzera ez egitea ere txeratzen zuen eta, noski, ez zuen arrazoirik falta. Behin zera esan zidan, aurrerapausoek bidea egiten jarraitzeko indarra ematen zutela, baina haien aurka zeudenei atzera eginarazteko grina ere sortzen zietela; eskubideez ari zen. Bere hitzei datuak eman dizkiete ikerketa batzuek; badira, izan ere, besteak beste, feminismoaren indarraldiek haren aurkako jarreren gorakada automatikoa badakartela frogatu duten lanak.

Azken egunetan asko akordatu naiz berarekin, AEBetan abortu eskubideak izandako atzerakadaren harira. Ziur asko, orain ia 50 urte eskubide hau zeharka bada ere ezagutu zuen sententziaren ostean, makina bat lagunek ospatu zuten lorpena eta ondo egin ere, baina ordutik, abortuak egiteagatik emakumeak atxilotu dituzte. Orain, ordea, ziurgabetasun erabatekoan geratu dira herrialde hartako milioika emakume eta, noski, kalera irten behar izan dute ostera ere, hainbatek oinarrizko osasun zerbitzu gisa ulertzen zuen eskubidea aldarrikatzeko. Atzerakada gertuko ote zen beldurra bazen, ordea, sukalde lana aspaldi abiatuta, aproposko egoera iritsi zain egon direlako sektore atzerakoienak.

Eta akordatu naiz berriz bere hitzez. Zioen eskubide mailako lorpenak sustraitu egin behar direla; zabaldu eta sozialki eta kulturalki errotu. Baina erne ibili ere bai, benetan errespetatzen direla ziurtatu eta bere mamia babestu, ezagutu ostean haiek edukiz husteko saialdiak izatea ere posible delako eta zerbait badakigu. Etengabe, urrutira begiratu eta bertakoa aztertzeaz ere mintzo zen eta ez dakit bere hitzek ez ote duten orain esanahi handiagoa hartu.

Buscar