Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Atzetik aurrera

Etzi Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna da eta berriz kaleratuko dira diziplina zein maila akademikoen artean dauden desberdintasunen inguruko datuak.

Ez da gaitzik, onik ez dakarrenik». Horrela dio atsotitzak, eta ahoz aho transmititutako herri jakintza aplika dakioke azken urte honetan bizitakoari ere, neurri batean. Izan ere, ezertarako balio izan badu, zientziaren eta arlo honetan aritzen diren pertsonen errekonozimendurako izan dela uste dut eta hala aipatu dute hainbat ikerketak eta adituk ere. Inoiz baino gehiago hitz egin da laborategietan egiten denaz, metodologiaz, teknikez, zientziaren beharraz... Pandemiak lortu du adituek behin eta berriz mahaiaren gainean jarritako behar hori bat-batean eta ia behartuta azaleratzea.

Baina atsotitzekin jarraituz, beste bat, primeran datorkiguna egoera deskribatzeko: «Urruneko eltzeak urrez, iritsi eta lurrez». Ohi denez, guztiek ez dute ikusgarritasun eta onura bera lortu. Lehen lerroan ari direnak ikusi ditugu, covid-19ak gure gorputzean eragiten dituen kalteak saihesteko saiakeran aritu direnak; bigarren lerroan eta kasu askotan atzerago ere bai, ia ezkutuan, pandemiak gizarte mailan sortutako haustura leuntzeko ahaleginean aritu direnak gutxiago, ordea. Bai, agerikoa da jakintza arlo guztiek ez dutela ikusgarritasun bera lortzen, baina ezkutaketa joko honetan horrek ez ezik, ikertzaileen sexuak ere eragiten du.

Etzi Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna da eta berriz kaleratuko dira diziplina zein maila akademikoen artean dauden desberdintasunen inguruko datuak. Ikerketek diote pandemiak berak desberdin eragin diela gizonezko eta emakumezko ikertzaileei eta azken hauek gutxiago argitaratu dutela gizonen aldean, haurrak erabat etxeratzeak ere desberdin eragin zielako. Zaharrak berri, beraz. Baina «Matilda» efektuaz ere hitz egingo da. Margaret W. Rossiterrek definitutako kontzeptuak zientzian emakumeek jasandako diskriminazioa eta haien ekarpenen ahanztura adierazten du, gizonen itzalean ezkutatu diren emakume zientzialarien ekarpenak. Atzera begirako kontaketan, noski, beharrezkoa da efektu hau kontuan hartzea, baina atzetik aurrera ere ekarri behar da, orain eta gero ere ez dadin inor behartuta bigarren, hirugarren... edota azken lerroan kokatu.

Buscar