Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Aukerak eta mugak sarean

Ikerketa batek aditzera eman duenez, ezagutzaren zabalpenean edo hezkuntza arloko youtuber gisa ari direnen artean lautik hiru gizonak dira.

Konektatuta ia beti, lehen luzatu egiten ziren eztabaida asko arin amaitzen dira orain, eta telebistako lehiaketetan ere erantzunei aurre hartzeko saialdiak egiten dira. Nik egin dut proba. Baina ez soilik datu zehatzak bilatzeko, sareak eduki eta prozedura hainbat ikasteko ere balio du, eta horregatik, zenbaiten kalitatea zalantzan jartzekoa bada ere, asko dira Youtube bezalako plataformetan jarduten duten aritu eta adituak ezagutzaren eta hezkuntzaren arloan.

Milioika eta milioika ikustaldi pilatuta, mundu mailan adin guztietako jendea erakartzen dute irakastea helburu duten kanalek eta, bide batez, haiek zabaltzen dituzten kanaletan jendeari bere lana plazaratzeko aukera paregabea eskaini diote. Antza, badira, ordea, mugak eta zailtasunak horretan ere. Ikerketa batek aditzera eman duenez, ezagutzaren zabalpenean edo hezkuntza arloko youtuber gisa ari direnen artean lautik hiru gizonak dira.

Zer pentsa eman dit, baina, zintzoki, ez nau gehiegi harritu, aurretik ere dibulgazioan aritzen diren emakumeen presentzia murritzagoaz hainbat lan eginak direlako. Ikerketa honek, ordea, beste galdera bat jarri du mahaiaren gainean, hasiera batean, behintzat, pentsa daitekeelako borondatezkoa dela sarera edukiak igotzea edo ez. Arrazoi desberdinak eta askotarikoak egon daitezke genero arrakala hau azaltzeko. Agian pisua du, oraindik ere, zientzia eta haren transmisioa bera sozialki gizonen jarduera gisa ulertzea nagusiki, baina datu hauek argitaratu dituen ikerketak zaintza lanen banaketa desorekatua eta emakume eta gizonek sarean jasotzen dituzten kritiken nolakotasuna nabarmendu ditu. Bai, oro har, gordinagoak dira eta sarritan kutsu sexista dute emakumeen edukiei egiten zaizkien iruzkinek, baita kanal hauetan ere; eta, noski, horrek ez du laguntzen. Arreta non jarri, nahikoa lan bada, baina sarearen bitartez zabaltzen diren mezuetan eta horiek jasotzen dituzten erantzunetan ere erreparatu beharko genuke, aukera izan daitezkeelako eta muga direlako.

Buscar