Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Baikortasuna

Buru osasunaz dakitenek ohartarazi dute egoera honek izan ditzakeen ondorio larriez eta hausnarketa, amorrua uxatzea eta baikortasuna dira egin dituzte gomendioetako batzuk

Urtarrilaren amaiera. Unibertsitatean azterketak amaitu ondorengo sentsazioak. Bukatu, etxera itzuli, bazkaldu eta siesta egin osteko sentsazioa. Atzera, egindakoari begiratu gabe, egin beharreko guztiei begira jarrita, ospakizuna eta festa. Egoera desberdinean egonagatik, egun eta sentipen haiekin akordatu naiz, azken azterketara sartu aurretik hizketan ari diren bi gazte ondoan eseri zaizkidanean.

Ikasitakoaz, ikasi behar eta egin ez dutenaz eta irakasleak galdetu dezakeenaz hizketan aritu dira, baina akordatu dira azkena dutela, azken asteetako egunerokoa trakestu dieten azterketak amaitzen dituztela. «Bi ordu barru libre!», esan dio bietako batek besteari barru-barrutik. «Libre?», besteak.

Gosariko kafesnetik burua altxatu eta ezin izan diot begiratzeko tentazioari eutsi. Harridura eragiten du, izan ere, inoren ahotan halakorik entzuteak garai hauetan. Zaparrada gisa hasi zaio parekoa debeku eta ezinen zerrenda luzea egiten, oraindik ere gehiago etor daitezkeela esanaz gainera; ezkor eta nekatuta, azterketak amaitzeko zorian, eta “total” besterik ez esateko gaitasunik gabe ia. Poza irentsi eta isiltzea beste erremediorik ez du izan besteak.

Baikorrak eta ezkorrak, dagoeneko akituak daudenak eta inguruari oraindik ere baikor begiratzeko gaitasuna mantentzen dutenak. Jarrera egoerak baino izaerak berak baldintzatzen duela uste dut, baina askok beren-berena duten ezkortasuna disimulurik gabe azaltzeko aitzakia topatu dute eta hau ere kutsatu egiten da.

Baikor direnek, gero eta estuago, apenas topa dezakete tarterik adierazteko, badagoelako inguruan beti buru gainean daraman lainoarekin estaltzeko prest dagoenik. Bada, horixe bera da, hain justu ere, adituen errezetetako bat.

Buru osasunaz dakitenek ohartarazi dute egoera honek izan ditzakeen ondorio larriez eta hausnarketa, amorrua uxatzea eta baikortasuna dira egin dituzte gomendioetako batzuk; izan ere, pertsonok gure konplexutasunean, badugu egoera zailenetan ere positiboak diren emozioak sentitzeko eta adierazteko gaitasuna, inork haiek ezkortasunez itotzen ez baditu behintzat. Beraz, libre? Agian, ez, baina libreago bai, ezta?

Buscar