Martxoan argitaratu zen Estatu espainoleko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak emakumezko zientzialarien inguruan urtero egin ohi duen txostena. Zifrak oinarri, zenbakietara eramanda dago –ahalegina egin dute, bederen–, unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan gertatu behar lukeena eta benetan gertatzen den hori. Estreinakoz argitaratu zutenetik, aurrerapausoak eman dira eta, noski, balorean jarri eta akuilu gisa erabili, lorpen gehiago egiteko eta bereziki egindakoak ez galtzeko. Lortutakoak ez du, baina, lortzeko dagoen hori ezkutatu behar. Oraindik ere, bereizketa bertikal eta horizontal nabarmenak daude zientzian eta akademian eta, zoritxarrez, bidean datozen neskek eta mutilek egiten dituzten hautuen artean bistako desberdintasunak daude, izan ikasketa motari, izan interesekoa duten diziplinari lotuak.
Datuek nekez ager dezakete, ordea, azalean eta gogo eta urdailean sentitzen dena; ezin da zenbakiz azaldu, eta ehunekorik ere ezin egotzi. Horrenbestez, zailtasun eta ezin horiek nekez topatzen dute lekurik txosten gehienetan; bizipenak bestela neurtu behar dira, galdetuta eta parean jarritakoak kontatu nahi duen horri neurririk jarri gabe, ahal bada. Ez da erraza, izan ere, norbere miseriak onartu eta mahaiaren gainean jartzea eta, are gehiago gaur egun, publikoki bizitzaren pozak eta arrakastak baino erakusten ez ditugunean. Eremu txiki, konfiantzazko eta isilak dira aipatutako txosten horietako datuei bizitza ematen dieten sentipenak ahalbidetu eta babesten dituztenak.
Genero ikuspuntua irakaskuntzan eta ikerketan txertatzeko ikastaroan izena eman dut. Eduki teorikoen eta praktikoen zerrenda luzea da, eta helburua horiek barneratu eta txertatzen ikastea. Hasi baino ez gara egin, baina gai horien aitzakian hasi dira pertsonalagoak diren elkarrizketak eta norbere interesen inguruko argudiaketak sortzen eta askatzen, bakoitza bere arlotik, esperientziatik eta ahotsetik. Diziplinen artean aldeak egon badaudela agerikoa da, baina parekoak diren bizipenak are eta gehiago direla sentitzen hasiak gara dagoeneko.
