Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Garraioa

Zaila da egoera horretan, erabat behartuta ez bazaude behintzat, garraio publikora lotzea, guztiz erosoa ez bada, gutxienez, segurua ere izan behar baitu.

Iraileko asmo gisa hartua, lanera autobusez joatea erabaki dut. Bai, denbora luzeagoa behar dut eta derrigor ordurako iritsi, baina aldekoak ere badira: ekonomikoak eta ekologikoak noski, baina bidea irakurtzeko, kuluxka bat egiteko edo, besterik gabe, autobuseko leihotik begira joateko aprobetxatu dezakedala ere pentsatu dut eta patxada ere balorean jarri behar da. Han agertu naiz astelehen goizean. Autobusa iritsitakoan, ordea, segidan zapuztu zait sosegua, gerturatu denerako lepo beteta dator eta. Marmarka sartu gara eta elkarren artean tokia egin ezinik, poltsa lurrean utzi eta ordu erdiko bidea zutik eta erori gabe egin ahal izateko heldu diot gogor eserlekuaren ertzari; ez dago zutik joateko bereizitako eremurik eta aulki artean korridorean geratu gara. Gidariak sumatu du marmarra eta kexa behar den tokian jartzeko gomendatu digu, seguru asko ondo bideratu gabeko haserreek okituta bera ere. Akabo irakurketa, akabo kuluxka, akabo patxada.

Etsi gabe, bigarrenez egin dut saialdia, goizago, eta bai, lortu dut eserita joatea; baina hirugarrengoan berriz ere ez. Zutik, autobusez aldatuta eta behar baino beranduago abiatuta, berriz ere ordu erdi pasatxoko bidea lurrera erori gabe mantentzeko saiakeran. Bat batean, txikia nintzeneko irudia etorri zait burura. Hondartzara eramaten gintuen autobusak pareko itxura izaten zuen. Guztiok joan nahi genuen bazkalostean, antza, eta akordatzen naiz gurpilen gainean zegoen koskan esertzen ahalegintzen ginela, hura baitzen, eserlekuen faltan, tokirik erosoena.

Toki guztietara iristen ez delako, nahikoa zerbitzurik ez dagoelako, eskainitakoa behar bezalakoa ez delako… zaila da egoera horretan, erabat behartuta ez bazaude behintzat, garraio publikora lotzea, guztiz erosoa ez bada, gutxienez, segurua ere izan behar baitu. Sumatu dut jendea autobusean bertan beste aukera batzuk aztertzen, edota besterik gabe etsita. Bien bitartean, iragana gogorarazten digun autobuseko leihoetatik mendi magalean makinari handia ikusi dugu lanean eta zementuzko bide-puska, oraindik ere noiz, nork eta zertarako erabiliko duen azpiegitura ari dira eraikitzen.

Buscar