Isildu
Eztabaida arinean lehenik, berotzen joan dira, apurka. Ez dakit zein huskeria izan duten abiapuntu, baina gaiak pilatzen eta korapilatzen bukatu dute, hizketaldiaren norabidea erabat galdu arte. Une batean, isiltasunaren alde egin du mahaiaren bueltan eseri eta gainerakoen begiradak erakarri dituen pertsonetako batek eta horrek nahasi eta ernegatu du parekoa, berriz ere hasi zaio bere argudioak bota eta bota, eztabaidan jarraitzeko tentatu nahian, baina hark ez du erantzun. Agian, argumentu gabe geratu da, baina niri sentsazioa eman dit xextra amaitzeko azken hitza izan dela isiltasuna.
Inoren erantzuna espero dugunean, isiltasuna mingarria zaigu, hitzek adina pisu eta esanahi izan dezakeelako hutsune horrek; antzuak diren eztabaidak amaitzeko estrategia ere izan daiteke. Azken boladan, badut sentsazioa zenbait gairen inguruan sortzen diren eztabaidek eta haren bueltan bolo-bolo hauspotzen diren ideiek isiltasuna merezi dutela, batik bat, argudioak zabaltzen jarraitzeko aukera edota aitzakia berririk ez emateko. Zenbaitek ez du erantzunik merezi, esaterako, sareetan, bai eta komunikabide batzuen foroetan ere, neurtu beharko liratekeen baina bolo-bolo zabaltzen diren baieztapen matxista, homofobo eta xenofobo hainbatek.
Ez dut horrekin sarritan hain mingarria izan den isiltasunaren konplizerik goratu nahi, ezta ezkutuan izan diren errealitate hainbat ikusarazteko egin diren ahaleginen balioa zalantzan jarri nahi ere; antzuak eta, kasu askotan, mingarriak izan daitezkeen eztabaiden onurak neurtzea proposatu baizik. Elkarrizketa eremuak eta solaskideak aukeratu behar dira eta balioa eman, iritzi desberdinak izanagatik, defendatzea merezi duten ideiak aberasteko aukera handiagoa ematen duten eremuei, aurrez aurre eta modu horizontalean gauzatzen diren elkarrizketak lehenetsita.
Marmarrean urrundu ziren eztabaidan aritutako bi pertsonak, ziur asko hausnar egingo zuten entzun eta esan zituztenen inguruan, baita esan ez zituztenen gainean ere. Biharamunean ikusi ditut berriz kanpinean elkarrekin.
