Maria  del Rio
Maria del Rio

Gardentasuna

Erakundeekiko konfiantza areagotzeko gardentasuna bultzatzea ezinbestekoa da. Hori modu oso argian ikusten da, bereziki, udal-eremuan. Izan ere, udalek berezkoa duten hurbiltasuna dela- eta, informazioa plazaratzeak herritarren eta udalaren arteko lotura sendotzen du; eta, gainera, argi islatzen du zein den gauzatzen den gobernantza-eredua.

Gardentasunak barne hartzen ditu bai publizitate aktiboa  –hau da, informazioa zabaltzea aldez aurretik eskatu beharrik gabe–, bai informazio publikoa eskuratzea –hau da, aldez aurretik eskatuta–. Zalantzarik gabe, bere mugak eta eskakizunak ditu; esaterako, ulergarria eta irisgarria izan behar da. Argi dagoena da ez dela bigarren mailako elementua, ezta, batzuek uste duten moduan, denbora galera ere; erabakiak nola hartzen diren jakiteak, funts publikoak nola erabiltzen diren ezagutzeak eta zein irizpideren arabera jokatzen den partekatzeak erakunde baten izaera demokratikoa indartzen du. Gainera, funtsezko urratsa da parte-hartze eraginkorra gauzatu ahal izateko. Herritar informatuak herritar aktibo, kritiko eta parte-hartzaileen oinarri dira, alegia. Hortaz, zalantzarik gabe, beharrezkoa da parte hartzeko guneak sustatzea, baina hori ez da bateragarria eragile zein elkarteei informazioa ezkutatzearekin, euren lana oztopatuz. Adibidez, berriki, hainbat erakundek Bilboko Udalari kargu hartu diote herritarrek eskatutako informazioa ez helarazteagatik.

Ez dezagun, bestetik, ahaztu gardentasuna ustelkeriari aurrea hartzeko eta aurre egiteko tresna indartsua dela. Mekanismo erreaktiboetatik haratago, beharrezkoa da portaera horiek saihestuko dituzten baldintzak sortzea, delitu-ekintzei, bai eta demokratikoak ez diren jardunbide txarrei ere aurre egin ahal izateko. Adierazitako promesak gorabehera, harrigarria da EAE, Ceuta eta Melillarekin batera, Gardentasun Legerik ez duen bakarra izatea. Zoritxarrez, oso gogoan ditugun egoerak gertatzen diren arren, ezin dugu ahaztu gardentasunaren ahalmena hori baino askoz harago doala, lurralde baten sakontze demokratikoa neurtzeko bidea ere bada eta.

Buscar