Egun hauetan, "Lunática" liburua irakurtzen ari naiz, hortaz, Maria Isabel Gutierrez Velascoren istorioa ezagutzeko aukera izan dut. 1977ko azaroaren 9an Basauriko kartzelako bere ziegan hilda agertu zen 23 urte zituela. Bere lankideek ez zuten bertsio ofiziala sinetsi eta egun horietan Bilboko Gorte kaleko prostituten greba deklaratu zuten. Gertaera horrek emakume horiek bizi zuten egoerarekin zuten gogaitasuna bideratzeko balio izan zuen. Hala, beste kolektibo politiko batzuen eskutik, manifestazioak eta itxialdiak antolatu zituzten preso sozialen amnistia eskatzeko eta lege frankistak indargabetzeko, sistemaren bazterretan zigortutako pertsonei bereziki eragiten zietenak hain zuzen.
Andrea Momoitiok berriki argitaratu duen lanean, historia egiten ez duten horien historiaren zati bat berreskuratzen du. Une oso berezian kokatzen da kontakizuna; irakinaldi politiko itzela sumatzen zen, eta demokratizazio-proiektu bat abian jartzen ari zen. Hori bai, hasieratik hainbat kolektibo ahaztuta utzi zituen. Horien artean bazen aldarri argi bat: Arriskutasunari eta Birgaitzeari buruzko Legea bertan behera geratzea. Zigortzeko tresna horren bitartez, gehiengo moral batentzat deserosoak ziren gizarte-sektore guztien aurka egiten zen, baita erresistentzia politiko eta sozialaren kontra ere. Garrantzitsuena ez zen bidegabeko egintzaren erruduntasuna, baizik eta subjektuari egozten zitzaion arriskugarritasuna. Gizarte bazterkeriatzat jotzen dena zigor zuzenbidearen bidez kudeatzea ez da, zoritzarrez, guztiz baztertu den praktika. Bada gizarte sistema eta arau penalen legitimitaterako benetako erronka.
Klandestinitatetik ateratako historia hau oso presente egon da bizi izan zutenen artean, eta, beraz, asko izan gara horren berri izan dugunok gainetik bada ere. Haztapenetan zegoen mugimendu feministarentzat, LGTB mugimenduarentzat eta espetxeratuen aldekoentzat oso garrantzitsua izan zen. Gainera, badu niretzat bestelako interes bat ere: gure gurasoek greba horri eusteko lanak egiten ezagutu zuten elkar. Ez al da ba hasiera iradokitzailea?
Bazterrak erdiratuz
Gizarte bazterkeriatzat jotzen dena zigor zuzenbidearen bidez kudeatzea ez da, zoritzarrez, guztiz baztertu den praktika.
