Aste honetan, Alacanteko berri batek atentzioa eman dit. Udalerria bizikidetzari buruzko ordenantza aplikatzen hasi da, eta jada hainbat zigor proposamen egin dizkie etxerik gabeko pertsonei kalean lo egite hutsagatik. Ordenantza Voxekin hitzartu zuten, eta araudia zabala bada ere, esparru polemikoena prostituzioa eta eskekotasuna arau-hauste gisa jasotzen dituena da, zigor erabat neurrigabeekin, gainera. Gizarte-erantzun handiarekin jarri zen abian; eta, hori gutxi balitz, gizarte-politiketan egindako murrizketekin batera aplikatu zen. Agintariek adierazitako helburua izan zen hiriaren «ordena» berreskuratu nahi zela, bizikidetza babestu eta espazio publikoetako erabiltzaileen interesak bateratu.
Neurri honi egin ahal zaizkion kritikak amaigabeak dira. Argi dago toki-agintaritzak oinarrizko eskubideei eragiten dieten gaiak arautzeko duen gaitasuna gainditzen duela, eta egoera zaurgarrian dauden gizabanakoak kriminalizatzen dituela duten itxuragatik, «eskale itxuragatik» hain zuzen ere. Azken finean, tratu-berdintasunaren oinarrizko printzipioaren kontra egiten du modu zuzen-zuzenean.
Hala ere, zoritzarrez ez da mota honetako ordenantza bakarra. Bizikidetza-arauek espazio publikoa kontrolatzeko tresna gisa duten eraginaz adi egotea garrantzitsua da. Hauek mota askotako portaerak arautu nahi dituzte, hala nola, edari alkoholdunen kontsumoa bide publikoan, eskekotasuna, bandalismoa, pintadak eta prostituzioa. Gehienetan, segurtasuna gobernatzeko tresnak hauek epe laburreko neurriak baino ez dira, botoetan etekin azkarra bilatzen dutenak. Ezer konpondu beharrean, arazoak ezkutatzen dituzte, kolektibo marjinatuak hirien erdigunetik urrunduz.
Gero eta argiago dirudi kontrolaren kultura ez dela arlo penalera mugatzen. Zalantzarik gabe, alde nabarmenak daude udalerri batek eta besteak hartutako aukeren artean, baina tokiko politikak «esku gogorraren» eskakizunari erantzuteko tentazioan erortzen dira maiz. Beti esan izan da udal politika herritarrengandik hurbilen dagoena dela, baina nola baliatu nahi da aukera hori?
Eskale itxurari zigorra
Gehienetan, segurtasuna gobernatzeko udal ordenantzak epe laburreko neurriak baino ez dira, botoetan etekin azkarra bilatzen dutenak. Ezer konpondu beharrean, arazoak ezkutatzen dituzte.
