Ez ote du babesa merezi?
Uztaila heldu da eta unibertsitatean ez dago ohiko mugimendua, ikasleak azkeneko azterketak bukatzen eta gradu amaierako lanen azken defentsak egiten ari baitira. Tarte lasaia izaten da udako hilabete hau normalean, ikerketan sakontzeko aukera ematen duena. Aurten, aldiz, ez da horrela, izan ere, gertatzen ari den eztabaida publikoa ez da lasaitasuna eta kontzentrazioa bultzatzeko egokia.
Euskara eta Literatura II azterketen inguruan sortu den zarata eta horren ondorioak kezkagarriak direla esan daiteke. USaP zuzentzeko sistema bera zalantzan jarri da, baina are arriskutsuagoa dena, euskara gutxiesteko bide berri bat zabaldu da eta EHUren gaitasun eta seriotasuna zalantzan jartzeko ahaleginak agerikoak dira. EHUko irakasle eta euskaldun bezala, larria eta mingarria iruditzen zait.
Alde batetik, gure unibertsitate publikoaren campusetan sortzen da eragiten dugun ikerketa gehien-gehiena, eta horrek eragin zuzena du gure gizartean. Halaber, ezin dugu ahaztu kohesio eta demokratizazio elementu bat ere badela; gogoan dut ikasle nintzenean ikaskide asko izan zirela bere familiako lehenak unibertsitateko karrera bat egiten, eta gero eta nabariagoa da ikasgeletako aniztasuna. Eta, noski, euskararen normalizaziorako eta garapenerako funtsezko eragilea da. Ez ote du merezi erakundeen, komunikabideen eta gizartearen babesik? Bestetik, USaPek berdintasunaren bermea izan nahi du eta plazak modu justuan esleitzea du helburu. Guztiek arau berdinen arabera ebaluatuko direla ziurtatu ahal izateko diseinatuta dago. Baina, behin-behinean bada ere, erabaki da nahitaezko jakintzetatik euskararena bakarrik kontuan ez hartzea, ez da gauza bera gertatu, aldiz, matematikarekin, esaterako. Zer ondorio ekarriko ditu? Zein da helarazten ari garen mezua? Argi dagoela dirudi.
Politika publikoetan eta instituzioetan kontu emateak eta etengabeko hobekuntzak izan behar dute oinarri, baina modu serioan eta zalantza interesatu gehiago eragin gabe. Ikasle guztiek egindako ahalegina aitortu eta etorkizunerako hoberena opa behar zaie ziurgabetasun gehigarririk eragin gabe.
