Azken egunotan osasunarekin loturiko bi albistek atentzioa eman didate, eta ez daude soilik Osakidetzaren egoera zailarekin lotuta. Batetik, berriz ere jakinarazi dira EAEko biztanleriaren osasun-egoerari buruzko datuak. Horietan, desberdintasun nabarmenak azaltzen dira kilometro gutxira dauden auzoen artean; hiri berean bizi diren pertsonen artean, alegia. Bizi-itxaropenari, gaixotasunen intzidentziari edo osasunean eragin handia duten bestelako adierazleei egiten zaie erreferentzia, hala nola jarduera fisikoa egiteari. Azken batean, berriz ere mahaigaineratzen da bizimoduaz gain ingurunea ere oso erabakigarria dela gure bizi-kalitatean. Erraza da, gehiegi sakondu barik, sumatzea auzo batetik bestera dauden alde handi horien atzean faktore sozioekonomikoak daudela.
Egunotan, halaber, Europan sexu-transmisiozko infekzioen gorakadari buruzko albisteek tokia hartu dute. Datu horiek gertuago ikusirik, gure artean ere badirela nabaria da, eta, gainera, intzidentzia handiena duten bi gaixotasunak, gonorrea eta klamidia, izugarri ugaritu dira. Esaterako, EAEn 2023an 1.700 gonorrea kasu berri baino gehiago zenbatu ziren, duela bi urte baino %58 gehiago. Horren aurrean, errezetak ez dira bereziki berritzaileak: prebentzioaren arloko ahaleginak indartzea; herritarrak sentsibilizatzeko eta hezteko kanpainak sustatzea; eta sexu transmisiozko gaitzen prebentzio-estrategia indartzea. Hau da, neurriak hartzea modu arduratsuan eta inor estigmatizatu gabe.
Albiste biek agerian jartzen dute prebentzioan eta komunitate-osasunean egiteke dagoen lan eskerga. Gaixotasunen diagnostikoa eta tratamendu egokiak funtsezkoak izanik ere, ez dira nahikoa. Ingurune osasungarria lortu ahal izateko, ikuspegi integrala izan behar da, komunitatearen parte-hartze aktiboa erdigunean jarriz. Beraz, asko dago egiteko etxebizitzan, elikaduran, hezkuntzan, espazio berdeetan eta ingurune komunitarioaren garapenean, besteak beste. Beharrezkoa da gaixotasunaren tratamendua hobetzea, prebentzioa, sentsibilizazioa eta zerbitzuetako ekitatea ahaztu gabe.
