Maria  del Rio
Maria del Rio

Itzulera zaileko gainbehera

Birusaren hedapena geratzeko hartu diren ia neurri guztiek herritarron erantzukizuna eskatu dute, eta, orokorrean, behar bezala erantzun da

Ia konturatu gabe Gabon garaian gaude bete-betean. Urtero lez, negoziatu eta erabaki behar izan dugu norekin eta noren etxean bazkaldu eta afaldu tradizioz ospatzen diren egunotan. Positibo kopuruen errekorrak hausten jarraitzen dugun honetan, bereziki zaila izan da aurtengo erronka. Baten bat konfinatuta egongo ote da? Zer egin osasunez minbera dagoen osabarekin? Azken orduko murrizketak ezarriko dira? Nekatuta eta gogaituta egon arren, jakina da arduratsu jokatu beharra dagoela urte bukaera honetan ere.

Bitartean, aste honetan elkarretaratzeak izan dira Osakidetzako lehen mailako arretaren egoera kezkagarria salatzeko helburuarekin. Bagenekien gabeziak zirela, baina covid-19aren izurriteak ezkutaezin bihurtu ditu. Gero eta agerikoagoa da; ez da jada soilik osasun profesionalen kezka, ohiko elkarrizketa-gai bihurtu da. Saiatu denak badaki zein zaila den telefonoz arreta lortzea, edo presentzialtasun eza gailentzeak sortzen dituen arazoak. Positiboa ematekotan ez zaigu erraza izango jakitea jarraitu beharreko protokoloa, etengabe aldatzen da eta. Bestetik, denok entzun dugu aztarnari ekipoak izugarri murriztu direla, eta zein premiazkoa den plantilla osoa indartzea. Azken finean, pandemiaren ia bi urteren ostean, zerbitzuaren berrantolaketa eta indartzea guztiz premiazkoa da. Egiturazko aldaketak behar dira, ahaztu barik covid-19a ez dena ere behar bezala artatu behar dela. Bereziki, ezin dira alboratuta utzi kolektibo zaurgarrienak: kronikoak, mendekotasunen bat dutenak, adingabeak...

Birusaren hedapena geratzeko hartu diren ia neurri guztiek herritarron erantzukizuna eskatu dute, eta, orokorrean, behar bezala erantzun da. Erantzukizun instituzionala, ordea, ez da maila berean garatu. Herritarrak arduragabetzat jo eta etengabe paternalismoz aritzeak, gero eta gehiago, erantzukizunak saihesteko bidea dirudi. Pandemiarekin batera ez da etorri osasun publikoaren aldeko apustua, ez da inolaz ere behar bezala lehenetsi. Prestigiorik gabeko osasun zerbitzua bilakatzeko bidea arriskutsua da oso, eta atzera buelta zaila du gainera.

Buscar