Maria  del Rio
Maria del Rio

Jokoz kanpo

Ez da berria, hiriak ekitaldi handien sustapenerako lehian sartuta daude. Helburua, ustez, nazioartean proiekzioa lortzea da, «mapan egotea», horrek eragin ekonomiko positiboa izango duelakoan, esaterako, turismoa erakarriz. Jada ohituta gaude inpaktu ekonomiko itzela aurreikusten duten titular handietara. Ezaguna egiten zaigu, halaber, makroekitaldien aldeko apustua zalantzan jartzen dutenak susmagarri bihurtzea, edo euren jarrera «tristea» dela argudiatzea. Baina, azkeneko egunetan, badirudi gauzak aldatzen hasi direla, 2030eko Munduko Futbol Koparen harira gertatzen ari den eztabaidari begiratzen badiogu behintzat.

FIFAren exijentzia zorrotzak eta horrelako ekitaldien ondorioak mahaigaineratu dira: gizonezkoen Mundialak beste hainbat ekitaldi bertan behera uztea ekarriko lukeela, erabateko zerga salbuespenak eskatzen direla, segurtasun eta aseguru gastu handiak, azpiegiturak moldatzeko beharrak, garraio eskakizunak... Hori bai, oraindik bestelako inpaktuak kontuan hartzen dituen azterketa serioak falta zaizkigu: gastu publikoa, etxebizitzaren gaineko presioa, zerbitzuen saturazioa, gizarte ondorioak edo eragin ekologikoa. 

Berandu inoiz ez baino hobeto, dudarik ez, baina beharrezko gardentasunik gabe jokatzen ari dira oraindik. Gai honetan herritarrak jokoz kanpo gaudela esango nuke. Baldintzak aurretik ezagutzen baziren, zergatik Mundialaren aldeko defentsa sutsua eta akritikoa orain dela hiru urte? Zergatik ari da EAJ bakarka jolasten erabakiak alde bakarretik hartuz, inorekin partekatu gabe, ezta euren bazkideekin ere? 

Hiria ekitaldiaren zerbitzura jartzeak prezio bat du, eta prezio hori ordaintzeko prest gauden erabaki beharko genuke, denon artean. Batetik, hiri ereduaren inguruko hausnarketa sakona eginez. Bestetik, jakinda ekitaldi handi guztiak ez direla negatiboak, baina ezta positiboak ere definizioz, ekitaldi bakoitzaren alde onak eta txarrak aztertzea funtsezkoa da, nahi dugun hiria eraikitze aldera. Herritarrak erdian jarriz eta identitatea galdu barik kanpo eragileen baldintzen menpe.

Buscar